Komunitate, eragile eta lurraldeen arteko zubigintzaren beharra nabarmendu da Topaldian

Euskara biziberritzeko prozesuan zubigintzaren aldeko apustua egiteko beharra azaleratu da urtarrilaren 25 eta 26an Durangon ospatutako Topaldian. Bi egunetan 18 hizlari eta hainbat partaideren ahotsak entzun ahal izan dira jardunaldietan, eta nagusi izan dira zubi berriak sortzearen aldeko iritziak.

Euskararen biziberritze prozesuan bizitzen ari den ziklo aldaketa izan zuten hizpide lehen hitzaldian Kike Amonarriz eta Iker Martinez de Lagosek. Garai berri bat zabaltzeko palanka egokiak eragiteko beharra dagoela aldarrikatu zuten eta Topalabe taldeak egindako “Berrikasi eta Berrikusi” gogoetan zehaztutako zazpi lan ildoetan sakondu zuten, herriz herri euskaltzaleen elkarteek jorratzeko lan-arloak sakonduz. Komunitate beregain eta eragilea antolatzen, diskurtso berriak sortu eta zabaltzen, herriz herriko eragile politikoen arteko harreman guneak sortzen eta euskaltzaleen motibazioa eta bizi-indarra handitzen, zubigintza tresna garrantzitsua dela azpimarratu zuten hizlariek.

Bide beretik jo zuen Mikel Irizarrek ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarenputzuberri” esperientziaren berri emanez, euskalgintzako eragileekin batera, erakundeko sail ezberdinetako politika eta aurrekontuetan euskararen zeharkakotasuna lantzen.   

Udalen eta euskaltzaleen elkarteen arteko zubiak

Iñigo Urrutia eta Eneritz Zabaleta zuzenbide irakasleek ekin zioten bigarren blokean EAEko udal legeak eta Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoak hizkuntza politika lantzeko ematen dituzten aukera berriak aztertu zituzten beraien saioetan. Bai Euskal Elkargoak eta baita EAEko udal legeak landu eta garatu beharreko potentzialtasunak dituztela azpimarratu zuten Urrutia eta Zabaletak.

Erakunde eta gizarte eragileen arteko harremana hizpide hartu zuten Alex Vadillo, Gasteizko euskara teknikariak eta Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak. Erakundeetan parte hartzea bultzatu beharra defendatu du Vadillok eta politika publikoak elkarrekin sortzeak ematen dituen aukerak nabarmendu. Lidergo berriak sortzera bideratutako lidergoak dira onenak Vadilloren aburuz. Mendizabalek, ildo beretik, funtzio banaketan sakondu beharra dagoela esan eta administrazioei euskaltzaleen mugimenduak eta gizarte eragileek, egitasmo zehatzetatik harantzago, betetzen duten funtzioa babestetu dezatela eskatu die.

Esperientziak

Esperientzia praktikoak ezagutzeko aukera ere izan zen Topaldiaren lehen saioan.

  • Sareuska sarea aurkeztu zuten Silbi Chenal eta David Izagak, Hego Lapurdiko, Bidasoa Txingudi eta Bortzirietako udalek osatutako sarea, mugaz gaindiko harremanen adibide modura.
  • Iban Arantzabal euskalgintzako erakundeen osaera, jabetza eta antolaketa ereduen inguruan aritu zen ondoren, Goiena komunikazio taldearen esperientziatik abiatuta. Blogera eraman du Topaldian egindako ekarpenaren muina Ibanek.
  • Azkenik, duela urtebete Aiaraldean sortutako Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluaren berri eman zuten Joseba Llano eta Aitziber Álavak, ohiko euskalgintzako erakunde eta eskualdeko beste eragile batzuen elkargunearen adibide modura.

 
Topaldia 2017
 

Lurralde arteko zubiak

Topaldiaren bigarren egunean, euskalgintzak lurralde kontzientzia landu behar duela aldarrikatu zuen Imanol Esnaolak Hur Gorostiagarekin egindako mahai inguruan. Garikoitz Goikoetxeak zuzendutako saioan euskarak lurralde osorako plan estrategikoa behar duela azaldu zuten hizlariek eta ikuspegi orokorrarekin (datuen irakurketa Euskal Herri mailan eginez) jarri behar direla komunitatearen lehentasunak. Euskalgintzak harreman eta elkarlan dinamikak handitzeko aukera ona duela iritzi zioten hizlariek, bai administrazioekin eginkizun banaketa berriak egiteko eta baita sektore ezberdinetan euskaltzaleen eragina handitzeko.

Xan Airek berriz, Ipar Euskal Herritik lurralde arteko harremanaren gaineko irakurketa kritikoa egin zuen bere hitzaldian. Plangintzak ikuspegi zentralistatik egiteak tokian tokian eragin txikia izatea ekar dezakeela azpimarratu zuen eta ongi sustraitutako ekimenen alde agertu zen. Formazioaren garrantzia aldarrikatu zuen bestetik, Ipar Euskal Herriko eragile eta teknikari sarea ahalduntzeko beharra aipatuz.

 

Hizkuntza komunitateen arteko zubiak

Komunitateen arteko zubigintza izan zen hizpide Topaldiaren azken blokean. Ainara Santaquiteriak gizarteko aniztasuna kudeatzeko pluralismo kulturalaren eredua hobetsi zuen, asimilazionismoaren aurrean. Etorkin komunitateekin izandako esperientzietatik abiatuta, harreman dinamika berriak zabaltzearen alde egin zuen. Orain arte, norbanakoen arteko harremanetan oinarritutako egitasmoak martxan jarri izan direla gogora ekarri, eta euskalgintzako eragileek etorkin taldeekin elkarlan dinamikak abiatzeko garaia dela adierazi zuen.

Bide beretik jo zuen Iñigo Retolazak, harremanetan inbertitzeko aldarrikapena eginez. Gizarte eraldaketa bultzatzeko Euskal Herrian batez ere eraldaketa pertsonaletan eta harremanen eraldaketan inbertitu beharra dagoela azpimarratu zuen. Ildo horretan, osagarritasun printzipioan sakontzearen alde egin zuen.

Topaldia komunitate harremanen arteko esperientzia praktiko bat aurkeztuz amaitu zen, Deustuko Berbaizu elkarteak Ekuador Etxearekin duen elkarlana azaldu baitu Galder Unzaluk.

 

Bideoak eta argazkiak sarean

Streaming bidez eskaini zen Topaldia, zuzenean. Ondoren, bideoak editatzeari ekin zaio eta jadanik gehienak Topagunearen youtube kanalean aurkitu daitezke.

Topaldiko argazkiak ere sarean daude, flickr-en.