« Jolasa baino gehiago » izan diren jardunaldiak

Arin joan zaizkigu otsaileko lehen egunak. Arin pasatu dira XXI. mendeko euskaldunon elkarteen haur eta gazte arloa irudikatzeko Durangon egin ditugun jardunaldiak. Euskal Herri osotik etorritako 70 lagun inguru bildu ginen Elkartegian, baita gonbidatu ez genuen Siberiako bat ere. Pena. 95 zeuden izena emanda, baina azken horrek ez zien guztiei etortzen utzi. Hala ere, eta kopuruak ikusita, esan beharrik ez dago jardunaldiek interes handia piztu dutela euskaldunon elkarteetako bazkide eta eragileen artean.

Ostegunean, Topaguneko langilea den Sonia Perez Anguerak eman zien hasiera « Jolasa baino gehiago » jardunaldiei. Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren norabidea eta erronka nagusien berri eman zuen, kanpoan lehen elur malutak jausten ziren bitartean. Ondoren, zenbait euskaldunon elkarteren ekintza arrakastatsuak ezagutzeko txanda heldu zealtn. Arrasateko Txatxilipurdiren ludotekaren oinarriak lehenik, eta Getxoko Bizarra Lepoan elkarteko udalekuak gero.

Atsedenaren ostean, Julen Arexolaleiba Sorguneak taldeko kidearen ekarpen teorikoak ekintza arrakastatsuen klabeen bila jarri gintuen. Bertaratutako partaide batzuek esan bezala, esperientzia eta teoriaren arteko oreka lortzeko baliagarria izaten da noizean behin oinarrian dagoena gogoratzea.

Arratsaldean elkarteen txanda izan zen berriz. Karrikaluze elkarteko Oihana Belokiren eskutik Iseka gazte taldea gertuagotik ezagutu ahal izan genuen, baita euren umorea ere; abesMaRtxa polita osatu dute atarrabiarrek. Nafarroatik Bizkaira, Deustuko Berbaizu elkarteko Kar Kar gazte taldearen berri eman zigun Zuriñe Ruizek. Azkenik, Jone Miren Hernandez antropologo eta EHUko irakasleak gazteekiko ikuspegi aldaketa aldarrikatu zuen.

Ostiralean, berriz, kanpo eragileen txanda izan zen. Gurekin izan genituen Bertsozale Elkartea, Euskal Herria Zuzenean (EHZ), Porrotx (Irrien Lagunak) eta Euskal Udalekuetako gazteak. Eragile hauek haur eta gazteekin dituzten esperientziak entzun ostean, elkarlanerako aukeren inguruan hausnarketa txiki bat egiten ahalegindu ginen. Ez genuen asti gehiegirik izan, baina partaideen ideia eta ekarpenak ondo jasota geratu dira. Ekarpen horiei buruz eztabaidatzeko aurrerago antolatuko dugun mintegira etortzeko galtonbidapena luzatu nahi diegu Durangora hurbildutako guztiei, baita etortzerik izan ez zutenei ere. Mintegiaren data eta lekuaren berri ahal bezain azkar emango dizuegu.

Partehartzaile batzuek adierazi dutenez, jardunaldiak esperientziak trukatzeko ezinbesteko tresna dira. Bi egun hauetan gainontzeko euskaldunon elkarteetako jendea, euren lana eta errealitatea ezagutzeko aukera izan dugu. Honek elkarrekintzarako eta sarea josteko bidea ere ematen du. Eta harremanak sendotzeaz gain, eguneroko jardunaren inguruan hausnarketa egiteko une egokia izaten dira jardunaldiak.

Topagunearen izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei, etxekoei zein kanpo eragileei. Guztion gogoa eta ilusioarekin, benetan jardunaldi emotiboak izatea lortu dugu.

Jardunaldietan parte hartzeko aukerarik izan ez bazenuten, edo hitzaldiak berriz ikusi nahi badituzue, laster aurkituko dituzue gure webgunean. Bertan bizitakoa jolasa baino gehiago izan zelako, jardunaldietan izan ziren lagun batzuen iritziekin uzten zaituztegu.