Pilar Kaltzada 

Kazetaria eta komunikatzailea da eta gaur egun, aholkularitza estrategikoan dihardu komunikazioaren esparruan, “Linking Ideas” agentziako bazkide sortzailea delarik. 
20 urtetik gorako esperientzia du komunikazioarekin lotutako askotariko zereginetan. Kazetaritzaren esparruan, prentsa idatzian, irratian eta telebistan urtetako esperientzia du, zuzendaritza, aurkezpen eta produkzio-ardurak izan dituelarik.
Bestalde, aholkularitza eta komunikazioren kudeaketan, enpresa pribatu zein erakunde publikotan lan egina da. Bere jardun-esparruak dira, besteak beste, erakunde-komunikazioa, harreman instituzionalak, berrikuntza, genero-berdintasuna eta hizkuntza-normalkuntza. Finantza erakunde, industria, kultura eta gizarte-erakundeetan lan egina da, eta horietan guztietan komunikazio-egituren ardura izan du.  
Bestelako gizarte-ekimeneko zereginei dagokienez, Doce Miradas (www.docemiradas.net) eta Espainiako Save The Children (www.savethechildren.es) erakundeko lehendakariordea da. 

 

HITZALDIA: 

 

« Komunikazioa – Inkomunikazioa”. 
Euskararen komunikazio-estrategiak birpentsatzeko gakoak 

Euskararengandik urruti edo gertu izateak maiz ez du hizkuntza-gaitasunarekin zerikusi zuzenik, alderdi sozial eta emozionala hartu behar baitira kontuan non gauden eta norantz egin nahi dugun finkatzeko. Komunikazioa gizarte-ohiturak aldatzeko tresna ezinbestekoa da. 
Euskararen  biziberritze prozesuarekiko enpatikoa edo solidarioa izateko diskurtsoaz, praktikaz eta bestelako baliabideaz gogoeta egingo dugu eta horretarako euskararen komunikazio-estrategikoetatik abiatzea proposatuko da hitzaldi honetan. 
Diskurtsoaren oinarriak aztertuko dira gaur egun euskarak duen eremu komunikatiboan txertatuta eta berau eraldatzeko gakoak ikusiko ditugu. Euskararenganako atxikimendua handitzea eragin dezaketen pizgarri komunikatiboak identifikatu nahi ditugu komunikazioaren dinamikak aztertuta.