Iruñerriko euskarazko telebista martxan

Otsailaren 2az geroztik, Iruñerriak badu tokiko telebista berri bat, euskaraz hutsez: 1997an Baztan inguruan sortutako Xaloa Telebistak LTDan emititzeko lizentzia jaso zuen 2013an, Iruñerrian emititzeko. 2014ko azaroan TOKIKOMek, Topaguneak eta Udalbiltzak abiatutako diru-bilketa kanpainari esker, emititzeko tresneria instalatzeko behar zituen 50.000 euroak batu ostean, Xaloa Telebista otsailaren 2an hasi da emititzen Berriozarren duen egoitzatik, eta bere seinalea LTDko 38. kanaletik hartu daiteke.

Momentuz eguneroko albistegia egiten ari dira 15:00etan, eta datozen asteotan programazioa osatzen joango dira pixkanaka. Euskal Herri osoan LTD bidezko euskarazko telebistarik gabeko hirigune bakarra zen Iruñerria, eta euskaltzaleon ikuspuntutik aurrerapausu handia da beraz, Xaloa bertan lanean hasi izana. TOKIKOMek EiTBrekin landutako akordioari esker, gainera, Xaloa Telebista laster hasiko da Euskal telebistak utzitako hainbat marrazki bizidun eta haur saio eskaintzen.

Xanti Kiroga (Udalbiltza), Xabi Lasa (Berriozarko alkatea), Joseba Igerabide (Xaloa TB), Oskar Zapata (Topagunea) eta Urko Aristi (TOKIKOM), telebistaren aurkezpenean.

Xanti Kiroga (Udalbiltza), Xabi Lasa (Berriozarko alkatea), Joseba Igerabide (Xaloa TB), Oskar Zapata (Topagunea) eta Urko Aristi (TOKIKOM), telebistaren aurkezpenean.

Xaloa Telebistaren Iruñerriko estreinaldia hurrengo egunetan Nafarroako tokiko hedabideetan izango ditugun albiste onen hasiera baino ez da. Datozen egunotan, dena ondo bidean, agerkari digital berriak aurkeztuko dira Iruñerrian eta Mendialdean. Urko Aristik azpimarratu zuenez « duela hiru urte, TOKIKOM eratu genuenean, bagenekien bat egiteak merezi zuela, eta lan asko genuela egiteko. Bada, hona lan horren lehen uzta ». Topagunetik, Oskar Zapatak ere bere poza azpimarratu zuen, behingoagatik Nafarroako euskal hedabideen inguruko albiste onak emateko aukera izateagatik.