Topagunea

Ireki da ikus-entzunezkoak ekoizteko VII Benito Ansola Saria

Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Udala eta Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen Benito Ansola Sariaren VII. Edizioko izen-ematea gaurtik 2023ko urtarrilaren 15erarte egongo da zabalik. Benito Ansola Saria 18 eta 36 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta irabazleak 3.000 euroko ordainsaria izango du proiektua garatu eta gauzatzeko. Deialdi honetara disziplina ezberdinetako ikus-entzunezko lanen proiektuak aurkeztu daitezke (fikzioa, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak). Baina hori bai, originalak izan behar dira; hau da, inon argitaratu gabekoak eta ezta beste inondik moldatuak ere. Horretarako, sariaren oinarrietan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte parte-hartzaileek eta aurkezten dituzten lanek. Aurtengo edizioko epaimahaia Izaskun Urkijo eta Maider Oleaga zinemagileek osatuko dute. Lan guztien artean 3 finalista hautatu eta otsailean egingo den online Pitching saio baten ondoren izendatuko da lan irabazlea. Ondoren, 2023ko Lekeitioko Euskal Zine bileran proiektuaren aurkezpen bat egingo du sarituak, Benito Ansola sariari eskainitako espazioan. Benito Ansola sariaren helburua euskal kultura zabaldu eta sortzaile gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzea da. Xede horretan bat datoz ekimenaren sustatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz.

Quitter la version mobile