Hizkuntza ohiturak direla-eta

Duela bizpahiru urte biziki interesgarria iruditu zitzaidan gutuna irakurri nuen Egunkarian. Eibarko Aitor Gorosabelek izenpetzen zuen eskutitza eta bertan, euskararekin izan duen gatazka azaltzen zuen.  Euskal Herriko milaka gazteri gertatu zaion bezala, nahiz eta ikasketak ikastolan egin, bere harremanak gaztelera hutsean gauzatzen ziren. Horrek sortzen zion egonezina jasan ezinik, halako batean, erabaki irmoa hartu zuen: bere ingurukoekiko hizkuntza ohiturak aldatzea.

Aitorrek zioenez hurrengo hilabetean hogeita bosten bat saiakera egin zituen lagun eta ezagunen artean eta ia guztiak arrakastatsuak gertatu ziren.

Egia da hasiera batean harremana hoztu egiten dela eta elkarrizketek artifizialtasun kutsu nabarmena dutela. Baina harrigarriena zera da, tarte hori oso laburra dela, hamabost egun pasa ondoren zeharo arraroa egiten dena alderantzizkoa baita, gazteleraz aritzea alegia.

Kontua da honelako erronka batean inolako babesik gabe murgiltzea nekezegia suerta daitekeela, bereziki ingurunea gehienbat erdalduna bada. Zentzu honetan, euskara elkarteek lan ildo zabala dutela iruditzen zait, orain arte, orokorrean, lehentasunak beste arlo batzuetan jarri izan dira eta. Garrantzitsua da oso, herri aldizkari edota irratiak abian jartzea, ezinbestekoa kulturgintzan era iraunkor eta sakonean jardutea, beharrezkoa jaietan txosna jartzea… Badirudi argi dugula zein den jarduera hauen guztien helburua, hau da, euskaldunon konpaktazioa lortzea eta erabilpena suspertuko duen giroa sortzea. Baina zoritxarrez, sarritan giro horrek ez dakar inongo hizkuntz ohitura aldaketarik edo dakartzanak oso-oso mugatuak dira denbora eta espazioan. Beste alde batetik elkar ezagutzen duten euskaldunen ohiturak aldatu beharrean, sekulako ahaleginak egiten ditugu konpaktaziotik at dagoen balizko hiztunaren bila. Hainbeste izerdi, diru eta burukomin eskatzen duen girotze lanari ez badiogu aldi berean norbanakoaren konpromiso finkoa gehitzen, nekez sendotuko dugu erabilera.

Iruñeko Karrikirin argi dakusate arazoa: “Arlo pribatua da euskaldunok antolatzeko ahalmen handiena duguna. Gertuko komunitatean harremanak euskalduntzea da gure ardura eta ekinbidea, ezagutzatik EGUNEROKO erabilerara jauzia egiten ezin asmaturik baitago hainbat jende”. Euskara elkarteei dagokigu harresi hori gainditzeko behar den laguntza eskaintzea, lortu dutenen esperientziak ezagutaraziz, talde naturaletako jendearekin arazoari buruz berba egiteko bilduz eta, funtsean, gai honen inguruan ikertu duen Pello Jauregiren mezu baikorra lau haizetara zabalduz: badago hizkuntza ohiturak aldatzerik!!  

 

Pedro Zuberogoitia

Deustuari Euskara Dariola elkarteko kidea

 

18 urte eta gero… hau

Gaurkotasun handia duen testu honek 18 urte ditu. 1999ko martxoan argitaratu zen Topaberri aldizkariaren 8. zenbakian Deustuari Euskara Dariola elkarteko kide Pedro Zuberogoitiak idatzi zuen. Gaur Deustuko Berbaizu elkarteko kide da Pedro, eta buru-belarri ari da aurten martxan jarriko duten 11 egun euskaraz ekimena prestatzen.

Interesgarria iruditu zaigu orduko gogoeta berreskuratzea, Euskarak 365 egun dinamikarekin bat egiten baitu.