Hizkuntza irizpideen gida eta hiztegitxoak

Nola landu hizkuntza irizpideak kulturarteko harremanetan? Nola egin lekua gure hizkuntzari, zubi hizkuntzak erabiltzen diren esparruetan? Nola errespetatu gainontzekoen hizkuntzak?

Hizkuntza irizpideen gida

Tosta egitasmoaren ondare nagusietako bat, kulturarteko harremanetarako hizkuntza kudeaketarako gida proposamena izango da. Komunitate desberdinetako eragileen arteko harremanetan, tokian tokiko hizkuntzei lehentasuna emango dien hizkuntza erabilerarako eredua sortu nahi dugu. Horretarako, esperientziak eta praktika arrakastatsuak jaso, adituekin oinarri teorikoa landu eta gidaren zirriborroa osatzen ari gara. Ekimeneko hizkuntza irizpideak ebaluatu eta behin betiko proposamena osatuko dugu datozen hilabeteetan.

Hiztegitxoak

Besteak beste,Tostako zazpi hizkuntzen arteko hiztegitxoak osatu ditugu. Izan ere, gure artean harremanetan jartzeko zubi hizkuntzak baliatzen ditugu normalean, ingelera batez ere. Hala ere, gure hizkuntzei lekua egiteko, Hizkimizki oinarrizko hiztegitxoak prestatu ditugu; agurrak, zenbakiak, ohiko galderak eta abar jaso ditugu.

Hiztegitxo hauek, egonaldiak egin dituzten artistak, proiektuan parte hartzen dugun eragileak zein nazioarteko harremanetan aritzen den edozeinentzat dira baliagarriak. Tostako zazpi hizkuntzak laster jarriko ditugu http://www.hizkimizki.com/ atarian, eta beste 60 bat hizkuntzarekin nahastuta sortu ahal izango dira hiztegiak. Une honetan, Tostako euskara, galiziera eta galesera aurki daitezke bertan.

Gainera, hitzak nola ahoskatzen diren jakiteko, FORVO ahoskera hiztegiko kideak hiztegi hauetako zenbait hitz grabatzen ari dira, tokian tokiko hiztunek ahoskatuta. Klik egin Galeseraren adibidea entzuteko.

Bien bitartean, zazpi hizkuntzen arteko oinarrizko itzulpena ikus dezakezue:

hizkimizki