Hasi da Ikusi eta Ikasi egitasmoaren 18. edizioa

Gorputz zainduan, burua argi dio esaera zahar batek. Ideia horri jarraiki, aurten, Ikusi eta Ikasi egitasmoak kirola eta ariketa fisikoaren garrantzia azpimarratu nahi izan du eta gure egunerokoan ohitura osasuntsuak txertatzeko bideak ireki nahi dizkie Bilboko familiei. Era erraz eta dibertigarrian, noski! Hasi da Ikusi eta Ikasi egitasmoaren 18. edizioa: ikusi eta parte hartu!

Horrexegatik, aurtengoan, Makusik kirol erropa eta zapatila modernoak jantzi eta patinetea hartu du Bilboko auzoetan zehar familiei zuzendutako 60 aisialdi aukera proposatzeko.

Ikusi eta ikasi programak 18. edizioa du aurtengoa, aurrekoetan bezala, Euskaltzaleen Topaguneak eta Bilboko udaleko Hezkuntza eta Euskara sailak elkarlanean antolatu dute. Programa honetan haur eta familietan aisialdia euskaraz gozatzeko ekintzak proposatzen zaizkie bilbotarrei. Euskaltzaleen Topaguneak eta Bilboko udalak euskara eta aisialdia bateratzea dute helburu Ikusi eta Ikasi programaren bidez, haur eta gazteek hizkuntza esparru ez formalean bizi eta gozatzeko aukera izan dezaten. 18. edizio honetan, bilbotarrek familian euskaraz gozatzeko eskaintza zabala izango dute; diziplina askotarikoak eta bereziki 4 eta 10 urte bitarteko seme-alabak dituzten herritarrei zuzenduak.

Ikusi eta ikasi urtarrilaren 17tik ekainaren 3a bitartean izango da martxan eta parte hartzeko bi modu izango dira:

  • Ikusi eta ikasi familian: 4 eta 8 urte bitarteko haurrak haien gurasoekin batera parte hartzeko saioak.
  • Lagunartean: 8 eta 10 urte bitarteko gaztetxoentzako saioak. Egitarauan 8+ moduan etiketatu dira, bereziki interesgarriak direnak adin tarte honetako gaztetxoentzako.

4 eta 10 urte arteko haurrak dituzten Bilboko familiek, etxeetan programa osoaren azalpenak biltzen dituen liburuxka jasoko dute. Bertan ikusgai izango dute Bilboko auzo ezberdinetako 12 udaltegietarako prestatu den 60 saioz osaturiko eskaintza oparoa.

Hona liburuxkak eskuragarri:

 

Izen-ematea zabalik urtarrilean

Egitasmoan parte-hartzeko  izen-ematea Urtarrilaren 17tik 31ra izango da zabalik www.ikusietaikasi.eus  webgunean. Izen ematea zuzeneko ekitaldietan parte hartzeko soilik izango da beharrezkoa. Herritarrak nahi beste saiotan eman dezake izena.  Plazak mugatuak izanik, zozketa bidez banatuko dira izen-ematea bukatu eta ondorengo egunetan. Espazioen edukiera eta unean uneko osasun neurrien arabera moldatuko dira parte-hartzaileen zenbatekoak.  

Ikusi eta ikasi on-line

Ikusi eta ikasiko online saioak Ikusi eta Ikasi egitasmoaren webgunean zintzilikatuko dira herritar orok izan dezan bertan proposatutako edukiez gozatzeko aukera. Beraz, ez dago saio horietarako izena eman beharrik. Guztira 7 tailer izango dira eta webgunean izango dira ikusgai iraungitze datarik gabe.

Saio hauek Ikusi eta Ikasi proiektuarentzako bereziki sortuak izan dira eta Makusi bera eta Bilboko hiria izango dituzte protagonista nagusi.

Amaierako ekitaldia Campos Eliseos antzokian Kantu Kolore ikuskizunarekin

Ekainaren 3an, programari amaiera emateko moduko ikuskizuna aurkeztuko dugu.  Familian gozatzeko moduko eskaintza da, formatu handikoa. Gaur egun puntakoa den ikuskizunarekin: Kantu Kolore taldearen  Peru Krokodriloa.

Honetan parte hartzeko ere, izen emateko beharrezkoa izango da zuzeneko gainontzeko saioetan bezala..