Euskaraldiaren izen-ematea aurrera doa 421 udalerri eta 6.700 entitatetan

Euskaraldiaren izen-ematea martxan da. Bigarrenez egingo den ariketa sozialak 15 eguneko iraupena izango du aurten eta bi helburu nagusi izango ditu: parte hartzaileen hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararen erabilera handitzea.  Irailaren 24an abiatu zen herritarrek ahobizi edo belarriprest modura izena emateko aldia eta azaroaren 19rarte zabalik egongo da. Epe horretan bi rol hauetako bat aukeratu ahal izango dute partaideek:

Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.

Herri gehiagotan, milaka arigune

Orain arteko prozesuan bi datu nabarmendu dira:

Batetik, 2018an egin zen lehen edizioan baino udalerri gehiagotan egingo da aurtengo Euskaraldia. Guztira 421 udalerritan osatu dira Euskaraldia batzordeak eta horietan guztietan parte hartu ahal izango dute herritarrek azaroaren 20tik abenduaren 4rako ariketan.

Bestetik, aurtengo edizioko berrikuntza nagusia den ariguneei dagokienez (euskaraz lasai aritzeko entitate ezberdinek sortutako espazioak dira ariguneak), Euskal Herri osoan zehar 25.000 arigune baino gehiago sortu dira. Guztira 6.737 entitatek lurralde ezberdinetan dituzten 8.174 egoitzetan 25.091 arigune sortzeko prozesua abiatu dute. Ariguneen banaketa berriz nahiko parekatua izan da: %52 izango da barne arigunea eta %48 kanpo arigunea. Entitateei dagokionez, era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteak izan dira ariguneak sortu dituztenak. Saltoki eta zerbitzu emale txikiak, elkarteak, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak izan dira kopurutan aipagarrienak, baina horiekin batera egon dira enpresa txikiak, gizarte eragileak, sindikatuak eta bestelakoak).

COVID-19 koronabirusak eragindako egoeran oso zaila izan da herrietan batzordeak martxan jarri eta entitateekin lana egitea. Hala ere, euskararentzako eremuak irabazteko borondatea dagoela ikusi ahal izan da eta asko direla urratsak emateko prest dauden herritar eta eragileak.

Ahobizi edo belarriprest modura parte hartzeko deia

Izen-ematea egunetik egunera haziz doa eta hurrengo asteotan egongo da lehen datuak ezagutzeko modua. Hala ere, jadanik izena eman duten guztiei ingurukoak ere parte hartzera animatu ditzaten eskatu dute antolatzaileek.

2018ko edizioan parte hartu duten guztiak berriro ere parte hartzera deitu dituzte, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak ekina eta jarraikortasuna eskatzen duela gogoratuz. Gainera, arrazoi batengatik edo bestearengatik lehen edizioan parte hartzerik izan ez zutenak parte hartzera animatu nahi lituzketela esan dute antolatzaileek.

Parte hartzeko baldintzak aurreko edizioko berdinak dira. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko.

Izena emateko hiru modu daude: