Euskaltzaleok aniztasunaren inguruan jantzi gaitezen

Euskaltzaleok aniztasunaren inguruan jantzi gaitezen

Topaguneak “Zubi bat euskaratik” hitzaldi zikloa antolatu du urriaren 19tik azaroaren 10era bitarte. Hitzaldi guztietarako sarrera librea da.

Gure bizilagunak euskarak irekitzen dituen aukeretara erakarri nahi baditugu, ezinbestekoa da aukera horiek zeintzuk diren ezagutzeko modua eskaintzea. Aldi berean, euskararen biziberritzeak aurrera egingo badu, gure herrietan dauden gainontzeko hizkuntzei beren aitortza eta lekua eman behar diegu, eta horretarako elkar ezagutu behar dugu.

Atzerritik etorri direnak euskarak irekitzen dituen aukeretara erakarri nahi baditugu, ezinbestekoa da euskal hiztunok gure bizilagunei harrera euskaratik eskaintzeko dugun arduraz kontzientziatzea eta formatzea.

Topaguneak horretan laguntza eskaini nahi du eta helburu horrekin antolatu du “Zubi bat euskaratik” hitzaldi zikloa, urriaren 19tik azaroaren 10era bitarte.  Aukera bikaina da euskaltzaleok gai honen inguruan ahalduntzen has gaitezen, bizikidetza hizkuntzetatik eraikitzeari buruz arituko direlako 8 hizlari herri banatan, ikuspegi ezberdinetatik helduz gai nagusiari.

 
Denon artean pentsatu, hausnartu eta auzotzen jarraitzeko bidea da hau, euskaratik zubiak eraikitzen hasteko urratsa.

Datozen hitzaldiak

 Jadanik zenbait euskaltzalek parte hartu dute Eskoriatzan, Gasteizen eta Aretxabaletan sortutako eztabaidetan.

Datozen hitzaldiak Soraluzen eta Ibarran (urriak 27), Donostian (azaroak 7) eta Arrasaten (azaroak 10) izango dira. Guztietan sarrera eta parte hartzea libreak izango dira.