..eta kitto! aldizkaria, Eibarren irakurriena

...eta kitto! aldizkariaren ezagutza eta irakurtzeko ohituraEibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak jendaurrean aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzaren HEHOBA deialdiko diru-laguntzaz egindako irakurleen azterketaren emaitzak.

Elkarteko kideek beraiek zein ikerketa egin duen AZTIKER ikerketa enpresako arduradunek nabarmendu dutenez, emaitza horiek oso positiboak izan dira orokorrean, eta aldizkaria indartsu dagoela erakusten dute argi eta garbi. Eibarko euskarazko astekariak 14.000 irakurle ditu astero, batez beste, eta esan daiteke herriko euskaldun guztiek irakurtzen dutela. 

Harrigarriena, alabaina, erdaldunen arteko sarbide maila da. Eibartar erdaldunen artean ere, bostetik batek irakurtzen du aldizkaria. Guztira, herritarren erdiak baino gehiago (%56,6) dira astekariaren irakurle. Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, astekariaren webgunean bertan dago eskuragarri.

Topaguneak koordinatuta, …eta kitto! eta Aikor! aldizkarien irakurleen azterketak egin izan dira 2007-2008 ikasturtean, Jaurlaritzaren HEHOBA diru-laguntza deialdia aprobetxatuz. Une hauetan, antzeko ikerlanak prestatzen ari gara Topagunearen bazkide diren beste zenbait tokiko hedabiderekin. Horrela, behin informazio nahikoa jasoz gero, euskarazko tokiko prentsaren sektorearen argazki zehatza izango dugu, aurrera begira jarraitu beharreko bidea zehazten hasi ahal izateko.