Eraso politiko eta judizialen aurrean, batera erantzun

Kezka handiz jaso dugu Euskaltzaleen Topagunean Frantziako Konstituzio Kontseiluak murgiltze ereduaren kontra eta hizkuntza gutxituetako berezko zeinu diakritikoak erabiltzea debekatuz onartutako ebazpena.

Kezkatzekoa da Ipar Euskal Herriko mugimendu euskaltzaleak ereindakoa deusezteko duten borondatea nabarmena delako. Hizkuntzaren eta hiztun komunitatearen garapenerako oinarrizkoa den euskarazko murgiltze eredua zalantzan jartzea, hizkuntza komunitatea bera desagerrarazteko nahiaren adierazle da.

Hego eta Ipar Euskal Herrian botere judizialetik motibazio politiko argiekin egindako ebazpenak jaso izan ditugu azken asteetan. Oldarraldi berri honen aurrean, batera erantzuteko Euskalgintzaren Kontseiluak egindako deiarekin bat egiten du Euskaltzaleen Topaguneak.  Horregatik, deia egin nahi diegu euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei: gizarte osoak euskararen normalizaziorako bidean eman dituen urratsen kontra hartzen ari diren erabaki politiko eta judizialen aurrean, euskararen aldeko jarrera praktiko eta konpromisoari inoiz baino irmoago eutsi diezaiegun.