Deustualdean kirola euskalduntzeko proiektua aurrera doa: kalean dira jada bideoak!

Martxoaren hasieran kirolean euskararen erabilera sustatzeko proiektu bat jarri zen martxan Deustualdean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak babestuta, 4 ikastetxe eta 4 kirol klubetan:
Deustuko Eskola, San Inazioko Eskola, Deustuko Ikastola, Intxixu Ikastola, Elorrieta Kirol Elkartea, Artizarrak Futbol Kluba, Deustu Kirol Elkartea eta Deustu Arraun Taldea.

Proiektuaren azken ariketa haur eta gazteekin partidu ostean elkarrizketak egitea zen. Alabaina, lehenago hainbat urrats eman dira, eskola kiroleko edo klubeko barne lanketa batean barnebildu
direnak. Lehenik, gurasoekin eta zuzendaritza talde zein guraso elkarteekin sentsibilizazio saioak egin dira klub eta eskola guztietan; ostean, entrenatzaileek egunerokotasunean euskaraz jardun ahal izateko eta taldekideen jarduna euskarara lerratzeko formazioa jaso dute; azkenik, haurrek eta gazteek ere elkarrizketa landu dute modu ludiko eta dibertigarrian.

Beraz, kirol komunitateko agente guztiekin egin da lan, eta, azkenean, heldu da denok espero zuten unea: egin dira lehengo bideoak! Elorrieta Kirol Elkarteko umeak, Deustu Kirol Elkarteko
gaztetxoak eta Artizarrak Futbol Klubeko gaztetxoak izan dira lehenak, eta bideo eder-ederrak utzi dizkigute. Gurasoak eta entrenatzaileak kamera eta elkarrizketatzaile lanetan aritu dira eta emaitza benetan polita izan da. Hemendik eta denboraldi bukaerara arte astero bideoak egotea aurreikusten da.

Ez galdu!