Berrikasi eta Berrikusi gogoetaren aurkezpen bira amaitu da

Abenduaren hasieran egindako hiru saioekin bukatu da Berrikasi eta Berrikusi dokumentua aurkezteko hitzaldi eta mahai-inguruen zikloa. Guztira sei aurkezpen egin dira azken hiru hilabeteotan eta aipagarria izan da bai saioetan, eta baita saioen eraginez ere, gogoetak izan duen harrera.

tolosa_berrikasi

Tolosako aurkezpena Argazkia: Galtzaundi elkartea (tlseh.eus)

Gasteiz, Bilbo eta Tolosan egin dira abenduko aurkezpenak.

  • Abenduaren 10ean Gasteizen mahai ingurua egin zen, Oihaneder Euskararen Etxean. Manuel Morenok gidatutako saioan, Elena Laka, Kike Amonarriz eta Manex Agirrek parte hartu zuten. Saioaren bideoa (mahai ingurua osorik jasotzen duena) hirinet.net agerkarian ikus daiteke.
  • Bilboko Kafe Antzokian abenduaren 14an Iñaki Martinez de Lunak eman zuen Berrikasi eta Berrikusi gogoetaren berri, Iker Martinez de Lagosek gidatutako saioan.
  • Abenduaren 14an bertan egin zen hirugarren saioa, Tolosan. Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabalek parte hartu zuten Xabier Bengoetxeak gidatutako saioan. Ataria.info agerkarian egin dute saioaren kronika.

Abenduko saio guztietan iritzi truke handia egon da eta aurkeztutako gogoetaren gaineko iritziak jaso dira.

Honenbestez, lehen aurkezpen fase honi bukaera eman zaio eta hurrengo hilabeteetan gogoetan proposatzen diren lan-ildoetan sakontzen jarraituko du Topaguneak eta baita Topalabe taldeak ere.

Jakina denez, maiatzean argitaratu zen Berrikasi eta Berrikusi gogoeta Topaberri berezi batean, eta webgune honetan bertan eskuratu daiteke, dokumentazio gunean.