Berrikasi eta berrikusi gogoeta aurkezteko aurkezpenen zikloak Bizkaian izango du hurrengo geltokia. Azaroaren 5ean Getxon egingo da azken hamarkadetako euskaltzaletasunaren irakurketa kritikoa egin eta etorkizunerako gako berriak asmatzeko helburuarekin Topalabe taldeak sortutako Berrikasi eta berrikusi gogoeta aurkeztu eta haren gainean eztabaidatzeko hurrengo saioa.
Topalabea taldeak dokumentua osatu zuenean ondoko hitzekin eman zion sarrera gogoetari:
Dokumentu hau euskaltzaletasunaren azken hamarkaden irakurketa kritiko bat da, etorkizuna begi berriz ikusteko helburuarekin egina. Eztabaida zintzoa suspertu nahi luke egin dugunaz, eskarmentu horrekin hobeto ekin diezaiogun egiteko dugunari.
Hurrengo saioa, esan bezala, Getxon egingo da. Azaroaren 5eko saioan Topalabea taldeko Kike Amonarriz izango da elkarrizketatua. Elkarrizketaren helburua da Berrikasi eta berrikusi dokumentuan proposatzen den eztabaida piztea eta horrela, bertaratutako guztiek parte hartu, galdetu eta iritzia emateko aukera izango dute.
Aurreko saioak Lasarte-Orian eta Iruñean egin dira urrian eta, Algortako saioaren ondoren beste zenbait aurkezpen aurreikusiak daude Euskal Herriko eskualde ezberdinetan. Datak baieztatu ahala iragarriko ditugu.