Babesa jaso du Topaguneak Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian

Agerraldia egin du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura eta Euskara Batzordean. Gipuzkoako Foru Aldundiak Topagunearen sustapen lana eta Kultur Errota egitasmoa babesteko urteetan izandako lankidetza hitzarmenaren etenaren inguruko agerraldian Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak, Iker Martinez de Lagos idazkariak eta Maite Agirre AED elkarteko kideak parte hartu dute. Otsailaz geroztik Topaguneak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Diputatuarekin izandako harremanaren berri eman dute federazioko kideek, baita egoerari aterabidea emateko Foru Aldundiko ordezkariei luzatu zaien eskariaren berri ere.

Izan ere, otsailean eman zuen Topaguneak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Sailetik urtetan izan zuen lankidetza hitzarmenaren etenaren berri. Ordutik hainbat izan dira jasotako babes adierazpenak eta Topaguneak hainbat harreman izan du bai Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin eta baita alderdi politiko ezberdinetako arduradunekin ere. Agerraldian Topagunearen jarrera azaldu dute federazioko ordezkariek eta alderdietako ordezkariek egindako galderei erantzun diete.

Batzordean ordezkaritza duten talde guztien babes zabala jaso du federazioak eta bere jarduerak agerraldian ete eskertu egin dute Topaguneko ordezkariek babesa. Era berean, Foru Aldundiaren eta Euskara Elkarteen Federazioaren elkarlana egonkortzearen garrantzia eta beharra azpimarratu dute talde guztiek.