Auzoko egitasmoaren jaia ospatuko da larunbatean Bergaran

Bergaran elkartuko dira lehen aldiz Auzoko egitasmoa martxan duten herri guztietako parte-hartzaileak. Larunbat honetan, maiatzaren 24ean izango da zita, Seminarioko karpan, goizeko 11:30etan hasita. Herritar guztientzat zabalik dagoen egitaraua prestatu dute horretarako, euskara ardatz izanik, jatorri ezberdinetako hizkuntza eta kulturak ere ezagutu ahal izateko.

auzokojaiakartelaLarunbateko jaia Bergarako Jardun euskaltzaleen elkartea, Bergarako Udala eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez sortu da eta herri ezberdinetan ari diren Auzoko taldeetako kideen arteko harremana sortzea du xede.

Ongi etorri ekitaldiaren ondoren, haurrek beren txokoa izango dute munduko jolas eta eskulanekin. Bitartean, Auzoko taldeetan burutzen diren dinamikak ezagutu eta haietan parte hartzeko aukera izango dute gerturatzen diren guztiek, baita jatorri ezberdinetako janariak dastatzekoa ere. Batu taldeak emango dio amaiera festari eguerdi aldean, euskaraz abestutako musika afrikarrarekin.

Auzoko herrietan

Euskaltzaleen Topaguneak koordinatuta, Bergararekin batera, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Donostia, Eskoriatza eta Oñatin ari dira Auzoko egitasmoa aurrera eramaten bertako udalen eta euskaltzaleen elkarteen laguntzaz.

Jatorri ezberdinetako herritarrak harremanetan jarriz, astero ordu eta erdiz euskaraz aritzeko elkartzen dira taldeak. Jolas zein dinamika ezberdinekin, ondo pasatzea izaten da garrantzitsuena, modu horretan euskararako lehen pausuak errazago ematen baitira.

Herri bakoitzean dinamizatzaile bat arduratzen da taldea martxan jartzeaz baina herriko euskaldunen parte hartzea beharrezkoa da euskarara gerturatu nahi duten horiei bidean laguntzeko.

Jai giroan parte hartzeko aukera paregabea beraz, larunbatean, Bergaran.