Kulturgintzan aritzeko eta eragiteko bide berrien inguruko gogoeta bultzatuko du Topaldiak

  • Otsailaren 27an, Bilbon, egingo da eta azken urteetako gogoeta prozesuen emaitza bateratua izango da jardunaldiaren abiapuntua
  • Gogoeta elikatzeko, kulturgintzako sistema osatzen duten eragile ezberdinei baliagarriak izango zaizkien esperientzia berritzaileak eta baliabideak aurkeztuko dizkiete jardunaldian
  • Izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 25era arte; eta horretarako, topaldia.topagunea.eus webgunea erabili behar da

2022ko Topaldiaren 20. edizioa, urtarrilaren 27an, Bilborocken (Bilbo) egingo da, Kulturgintzan euskaltzale. Zein da euskaltzaleon rola kulturgintzan? izenburupean.

Hain zuzen ere, izenburuak planteatzen duen galderari erantzuteko lehen pausoak ematea da aurtengo Topaldiarekin lortu nahi dena. Kulturgintzaren eremua erdigunera ekarrita, azken urteetan, hainbat gunetan, aztertu, landu eta mahairatu den erronkari heldu nahi diogu Topaldian. “Ugariak izan dira, azken urteetan, kulturgintzaren inguruan egindako hausnarketak, jardunaldiak, lan dinamikak, mahai-inguruak… baina zenbateraino dago definitua euskaltzaleon egitekoa eremu horren baitan?”, nabarmendu du Euskaltzaleen Topaguneko kultur arloko arduradun Johana Olabarriak. “Sortzaileak, sormen guneak, programatzaileak, ekipamenduak, ikusleak, kudeaketa enpresak, herri eragileak… guztion artean osatzen dugu kulturgintzaren sistema, eta guztion artean, ohikoak ditugun egiteko moduetan zein kulturgintzan aritzeko ikuspegian eta jarreran norabide berri bat marrazten hasi nahi dugu Topaldian”, gaineratu du.

Norabide eta ikuspegi berritzaileak irudikatzen hasi ahal izateko, eta parte hartuko duten eragileen gogoeta prozesua elikatzeko, baliagarriak izan daitezkeen bitarteko ezberdinak jarriko dira Topaldian esku-eskura. Alde batetik, euskalgintza eta kulturgintza elkarlotzen dituzten bi esperientzia interesgarri hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da:

  • Elgoibarko esperientzia: euskalgintzak eta kulturgintzak nola bat egiten duten agerian utziko du.
  • Iruñerriko esperientzia: herri mugimendu ezberdinen elkarlanaren ondorioz, euskara modu naturalean erdigunean jartzen duten proiektuak sustatu dituzte.

Beste alde batetik, berriz, kulturgintzaren eremuan kokatzeko pisu espezifikoa duten baliabideen berri izateko aukera ere zabalduko du Topaldiak, adituen eskutik:

  • Bitartekaritza: Kulturgintzan osatzen duten eragile guztiek elkarrekin lanean jarduteko baliabidea da bitartekaritza; elkarlanerako jarrera bat. Honen berri emango digute Artaziak kooperatibako adituek.
  • Komunikazioa: euskal kulturgintza mundu digitalean kokatzeko gakoak eskainiko dizkigu Burutü komunikazio agentziako zuzendariak.

Jardunaldian izena emateko epea zabalik dago, urtarrilaren 25era arte. Izen-emateak topaldia.topagunea.eus atariaren bidez egin daitezke.

Aurrekoetatik jaso, eta etorkizuna eraiki

2022ko Topaldiak kulturgintzaren inguruan proposatzen duen hausnarketa ez da hutsetik abiatzen: aurrez egindako gogoeta eta hausnarketa prozesuen emaritik jasotakoa izango da abiapuntu.

Zehazki, lau iturri-emari izango ditu oinarri: 2015eko Topaldia, 2016ko Jalgi topaketa, Elgoibarren egindako euskalgintza/kulturgintza prozesua eta Azpeitiako kultur mahaiak antolaturiko kultur artikulazioari buruzko jardunaldiak.

Horietatik ateratako ondorio nagusiak izango dira Topaldiak proposatzen duen hausnarketari bide emango diotenak. “Euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunarazteko lau lan-ildotan aritzea ezinbestekotzat jotzen zen: sormen espazio eta baliabideak sortu eta sustatu beharra; Euskal Herriko plaza, kale, areto, espazio, parke fisiko eta birtualetan bertoko kulturgintzak erreferentzialtasuna irabazten hasteko beharra; euskal kulturgintza zaleen beharra; eta azkenik, sortzen dugun hori gure herrikide guztienganaino iritsiko dela bermatzeko beharra. Azken horrekin lotuta, euskal kulturgintzaren transmisioa bermatzea beharra ere aipatuko nuke: etxean, hezkuntza arautuan zein ez arautuan”, azaldu du Olabarriak.

Aurreko prozesuek emandakoa kontuan hartuta, etorkizun hurbil zein urrunerako, “ikuspegi bateratu baten zein jarrera kolektiboa baten” hasierako oinarriak jartzen hastea da 20. edizioaren jomuga. “COVID garaiak ere, agerian utzi ditu euskal kulturgintzaren baitan badirela, besteak beste, egiteko moduetan hausnartu beharra, elkarlanerako aukerak eta, batez ere, etorkizuneko euskal kultur transmisioaren erantzukizun partekatu baten beharra”, gaineratu du Topaguneko kultur arloko arduradunak. “Topaldiak jarrera eta norabide horren inguruko gogoeta pizteko balio izatea nahiko genuke”.

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin eta Soziolinguistika klusterraren laguntzarekin antolatuko da.