Arrate Illaro: “Euskaraldiko partaideak aldaketa eragile izateko prestatu nahi ditugu”

Azaroaren 20an Iruñeko Zentral aretoan aurkeztu zen 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Urtebete falta da, bai, baina aspaldi ari dira Euskaraldiko koordinazio mahaia, euskara elkarteek osatutako 365 batzordea eta ekimenaren lantaldea prestaketa lanetan. Aurrekoetan ere horrela egin zen eta jadanik ohitura bihurtu da Euskaraldia hasi baino urtebete lehenago aurkeztea.

Aurkezpenean hitza hartu zuenetako bat da Arrate Illaro Etxebarria (Getxo, 1989), Euskaraldiaren koordinatzailea. Ardura horretan jardungo du hirugarren edizio honetan ere Arratek eta berak emango dizkigu hurrengo ekinaldiari buruzko xehetasunak.

 

Hirugarren Euskaraldia aurkeztu da “hitzez ekiteko garaia” leloarekin. Zer adierazi nahi izan duzue leloarekin?

Beste urrats kualitatibo bat emateko momentua dela adierazi nahi dugu. Euskaraldiak biak bultzatzen ditu: hitz egitea eta ekitea, eragitea. Urte asko daramatzagu euskaraz bizitzea ohikoa izan dadin lanean, herritar zein eragile gisa, baina azken bi urteak oso gogorrak izan dira. Berriz altxa eta ekiteko urtea izan behar du 2022ak, inguruan eragiteko, kideak aktibatzeko, entitateetan arau sozialak aldatzeko zein norbere praktikak indartzeko. Eta, era berean, Euskaraldia hizkuntza-ohiturak aldatu edo indartzeko ariketa soziala dela, eta horretarako zutabea hitza dela adierazi nahi dugu: gero eta eremu gehiagotan euskaraz hitz eginez lortuko dugu urrats kualitatibo horiek ematea. Euskaraldiak ematen digun aukera hori balia dezagun euskaltzale gisa.

 

Bigarren Euskaraldia amaitu zenetik urtea joan da. Tarte honetan zer lanetan aritu zarete?

Euskaraldiaren eraginkortasuna aztertzen eta eragin hori handitzeko formulak bilatzen aritu gara. Ekimen masiboa da, jende askoren lana (borondatezkoa, askotan) eskatzen duena eta milaka herritar aktibatzen dituena, eta hartzen ditugun erabakiak oinarri sendoen arabera hartu behar ditugu. Hizkuntza portaeretan eragitea da ariketa sozialaren helburua eta, besteak beste, belarriprest eta ahobizien lorpen eta zailtasunak identifikatzen aritu gara Aztikerrekin batera. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Siadecoren eskutik, eta Euskararen Erakunde Publikoak, bestetik, bigarren ariketa sozialari buruzko ikerketa lan sakona ere egin dute, laster aurkeztuko duguna.

Eta, horrez gain, Euskaralditik kanpo ere praktika berriak bultzatzeko bestelako formulak bilatzen eta sortzen aritu gara, egin berri dugun Haurren aurrean helduok heldu ekimena, esaterako. Euskaraldiak bi urterik behingo ariketa sozial masibora interpelatzen ditu herritarrak, praktika horiek urte osora hedatzeko asmoz, baina tartean bestelako ekimenak ere behar ditugu eragina handitu nahi badugu: badaudenak eta berriak.

Egindakotik eta ikerketetatik ikasi eta, noski, Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere definitu dugu 2021ean, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango dena.

 

Zer ondorio atera dituzue orain arteko bi edizioetan?

Lehenik, Euskaraldia eraginkorra dela eta oraindik ere eragiten jarraitzeko potentzialitate handia duela ikusi dugu. Herri batzordeek, entitateek zein parte hartzaileek garbi adierazten digute hori, balorazio saio zein ikerketen bidez. Helburua argi dugu: euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzea eta herritar zein entitateei horretarako tresnak eskaintzea. Horregatik aipatzen dugu hainbestetan eragina. Euskaraldia ez da helburu, tresna baizik, aipatutako helburua betetzeko tresna baliagarria (ez nahikoa, ez bakarra). Horregatik, argi dugu Euskaraldia antolatzen jarraitu behar dugula, aukera berriak ekarriko dizkigula oraindik. Eta ilusioa pizten du horrek, lorpen berriak helduko direla jakin eta sentitzeak.

Hori esanda, bestelako ondorioak ere atera ditugu. Batetik, egiteko moduak zuzenean eragiten duela emaitzetan: lankidetzan aritzeak, gizarte mugimendu antolatua izateak eta ekimena gauzatzeko baliabideak izateak ondorio nabarmenak dituzte. Herri batzordeen arrakastarako gakoak identifikatu ditugu aurtengo ikerketan, eta argi dugu jarraitu beharreko bidea hau dela. Horretarako, 2022an ere euskaltzale aktiboak beharko ditugu batzordeetan, ezinbestekoak dira, zarete, gizartean aldaketa esanguratsuak probokatzeko.
Bestetik, ekimena gizarteko esparru anitzetara heltzea ere ezinbestekoa dela ikusi dugu: belarriprest eta ahobizi berrietara heldu behar dugu aurrerantzean ere. Hala ere, badugu jadanik masa kritiko nahikoa Euskaraldian parte hartzen dugunon artean urrats berriak emanez gero gizarte osoan eragiteko. Salto kualitatiboa emateko moduan gaude.

Azkenik, entitateen erantzukizuna ere ezinbestekoa dela azpimarratuko nuke. Euskaraz eroso aritzeko eremu babestuak bultzatu behar dituzte herritarron urrats horiek helduko badira, ariguneak sortuta zein hauek babestu eta bultzatzeko neurri berriak hartuta. Beraz, arigune gehiago osatzeko deia egingo diegu aurten ere mota guztietako entitateei.

Zein neurri proposatuko dira partaideak hizkuntza ohiturak aldatzeko prestatuago egon daitezen?

Prestakuntza hori lantzen ari gara hilabeteotan, baina baditugu zertzelada nagusiak. Ikerketan ikusi dugu herritarren lorpenak eta zailtasunak oso lotuta daudela, besteak beste, norbere emozioekin: euskarari eutsita hartzen diren sorpresa atseginekin, kohesio eta konplizitate sentsazioarekin, beldurrarekin, besteek esan dezaketenaren gaineko kezkarekin, eta abar. Aurreiritzien eragina ere oso handia da oraindik. Beraz, emozio horien lanketan sakondu nahi dugu eta parte hartzaileen (norbanako zein entitate) urrats praktikoak ikusarazi nahi ditugu. Helburu zehatzak, egingarriak, lorgarriak daude euskaraz bizitzeko bidean, eta horiek argitara eman nahi ditugu.

Herritarrak prestatu nahi ditugu aldez aurretik azter dezaten lehentasunez non egin nahi (edo ahal) dituzten aldaketak, lorpen txiki horiek guztiak motibazio pizgarri izan daitezen. Gainera, parte hartzaile horiek eurengan soilik ez, gainontzeko kideengan ere aldaketaren eragile izateko prestatu nahi ditugu. Izan ere, lehen hitzetik euskarari eusten diogunean gure inguru osoan eragiten dugu.

Ezin dugu ahaztu, ordea, mota guztietako entitateek euskarazko praktikak erraztu eta bultzatzea, eta hala adieraztea, ezinbestekoa dela herritarrei laguntzeko. 2020an ariguneak sortu genituen, baina pandemiak asko baldintzatu zuen ariketa entitateetan. Beraz, aurten ariguneak hedatzeko egingo dugu lan, horrek belarriprest eta ahobiziei lagunduko baitie. Ariketa entitateen eremu antolatuetan, modu kolektiboan eta babestuan egiteko tresna dira ariguneak.

 

Ariguneei jarraipena emango zaiela ere iragarri da. Entitate gehiagotara zabaltzeko aukera ikusten duzue?

Bai. 2020an oso kontzeptu berria izan zen ariguneena, oraindik herritar askok ezagutzen ez dutena. 6.000 entitatetan osatu zituzten ariguneak, baina horietako askotan ezin izan zuten ariketa elkarrekin egin, konfinamenduan, itxita edo etxetik lanean aritu zirelako. Pandemiak, gainera, ez zuen lagundu entitate gehiagotara iristen, herri batzordeen aukerak oso mugatuak izan baitziren.

Badakigu, ordea, ariguneak osatu zituzten entitate eta kideek, oro har, proposamena ondo hartu zutela eta entitate barruan urratsak emateko tresna baliagarri gisa ikusi zutela arigunea. Horregatik, eta hurrengo urtean pandemiak entitateetan izango duen eragina bigarren edizioan baino txikiagoa izango dela pentsatuta, ariguneak entitate gehiagotara hedatzeko aukera ikusten dugu 2022an. Ona litzateke hori, Euskaraldia gizartearen eremu berrietara hedatzen lagunduko lukeelako, eta eremu antolatuetan euskaraz aritzeko aukerak biderkatuko lituzkeelako.

Entitateen aktibazioari dagokionez ere, herri batzordeek izan dezakete eraginik handiena: 2020an aktibatu ziren arigune gehienek (establezimendu txikiak eta elkarteak izan ziren gehiengoa) tokian tokiko batzordeekin izan zuten harremana.

Euskaraldi batzordeak martxan jartzeko deia egin duzue.

Euskaraldiaren antolaketa sareak adar asko ditu, eta tokian tokiko batzordeak dira adar sendoena; ezinbestekoak dira. Eta batzorde horietan bi motatako eragileak behar ditugu: sozialak (elkarte zein herritarrak) eta instituzionalak. Bi edizio egin ditugu jadanik eta bietan izan da oso nabarmena Euskaraldiaren hedadura eta eraginean honek daukan ondorioa.

Urte zailak bizitzen ari gara: pandemiak norbanako gisa eta gizarte moduan kolpatu gaitu, eta hori gizarte mugimenduetan zein euskararen biziberritzean igarri dugu. Motibazioa, bizipoza, indarra berreskuratzea ez da berehalako prozesua izango, are gutxiago egunotako datuak ikusita. Horregatik da inoiz baino beharrezkoagoa ahalegin berezia egin eta berriz martxan jartzea: errekuperatzeko eta, posible balitz, are indartsuago ateratzeko. Hau funtsezkoa izango da hizkuntzaren normalizazioan urrats berriak eman nahi baditugu, orain arte bezala, gizarte mugimendu indartsu bat izateak lagunduko baitu urratsak ematen.

Hamaika hilabete falta dira Euskaraldirako, eta lan handia izango dugu aurretik, handia bezain polita. Horregatik, apurka apurka martxan jartzeko deia egin diegu batzordeei. Herri bakoitzaren ezaugarrien arabera, garai bat ala bestea izango da egokia, baina antolatzen hasteko unea da urte hasiera. Lan plangintzan aldaketa esanguratsuak izango ditugu aurten, eta aldaketa horiek batzordeen funtzioetarako motibagarri izango direlakoan gaude.

Gainera, tartean bada beste mugarri garrantzitsu eta ilusionagarri bat ere: Korrika. Euskararen aldeko ekimenik masiboenetako bi izango ditugu 2022an, eta hauek antolatzeko herritarron lana garrantzitsua izango da. Baina helduko da Korrika herrira zein Donostira, helduko da azaroaren 18a, eta kilimak sentituko ditugu Euskaraldiaren eta Korrikaren antolaketan aritu garen kideok. Eta zein polita den sentsazio hori.

 

Bukatzeko, urte bete barru, zer nolako balorazioa egin nahi zenuke Euskaraldiaz? Zer espektatiba dituzu?

Eragina azpimarratuko nuke beste behin ere. Eta, horrekin batera, beste zenbait hitz edo sentsazio: konplizitatea, enpatia, ilusioa, lorpenak, urratsak. Hemendik urtebetera, oraindik ikerketaren emaitzak jaso gabe ere, sentitu nahi nuke lortu dugula beste aurrerapauso txiki handi bat ematea, aurreiritziak apurtzen jarraitzea eta aldaketa berriak eragitea. Herritarrak entzun nahi nituzke eman dituzten urratsak eta mantenduko dituztenak kontatzen, entitateak ikusi nahi nituzke erabaki sendo batzuk hartzen. Euskaraldia den ariketa masibo hori kalean sentitu nahi nuke, txapetan, hizkuntza praktiketan, herritarren sentsazioetan.

Ilusioa daukagu, baina ez gara inozoak. Euskalgintzan ari gara eta badakigu aldaketek denbora behar dutela, euskararen normalizazioa arnas luzeko prozesua dela. Inork ez dezala pentsatu espektatiba handiegirik jartzen dugunik. Tresna baliagarria daukagu esku artean eta, ondo erabiliz gero, seguru gaude lagunduko digula. Baina euskarak behar ditu bestelako tresna, erabaki eta politikak ere (badirenak eta berriak, lehenago esan bezala).

Har dezagun atseden urte bukaerako egunotan, behar dugu. Eta has dezagun urtea fresko, gogoz eta ilusioz, 2022a, euskarari dagokionez, ederra egin dezakegu eta.