Errespetu kontua

(María Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteari gutuna)

Begi-bistakoa da Nafarroako herritarren artean, hizkuntzen inguruko sentimenduak eta bizipenak aintzat harturik, hainbat multzo daudela: gaztelaniaz naturaltasunez bizi direnak, euskaltzale sentitzen direnak, edo, arabieraz, urdueraz edo ingelesez mintzatuz hona bizitzera iritsitakoak, besteak beste. Elkarren ondoan bizi gara, baina bizikidetzaren ikuspegitik, elkarrekin bizitzera pasatzea litzateke egoera desiratua.

Norabide horretan hizkuntza aniztasuna aitortzea eta balioa ematea oso urrats garrantzitsua da, hizkuntzek sekulako eragina dutelako pertsonen sentimenduetan eta emozioetan, norberaren osasunean eta ongi izatean eragiterainokoa.

Nafarroa anitz honetan eraiki nahi dugun gizarte osasuntsu, moderno eta demokratikora iritsi ahal izateko jauzi bat eman beharrean gaude nafarren arteko bizikidetza hobetzeko: gutxiengoen ukazioa, ikusezintasuna, eta kasurik onenean, tolerantzia dakarten jarreretatik eta praktiketatik, errespetuan eta aitortzan oinarritzen den politika berri batera egin behar dugu jauzi; pertsonen arteko eskubide berdintasuna bermatzea lortu behar dugu. Prozesu honek denbora eskatuko du, noski, baina hori da norabidea.

Nafarroa autonomo eta anitz honetan bizikidetzan sinesten badugu, berau, historian zehar gutxitua izan den euskaraz bizi garen eta bizi nahi dugun pertsonen eta taldeen eskubideak bermatzetik etorriko da, eta baita gutxiengoen hizkuntza-eskubideak errespetatzetik ere. Esan gabe doa, helburu hori lortzekotan, enpatiaz jokatu beharko dugula denok.

Herritarren eskubideei dagokienez eta bizikidetzaren ikuspegitik, hizkuntza politika egokiak dira pertsonen eta hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzen dutenak. Europar Batasunak hizkuntza aniztasunaren aldeko politikak sustatzen ditu eta pertsonen eleaniztasunaren alde egiten du, bertako hizkuntzen ezagutza eta hizkuntza gutxituen sustapena ardatz hartuta. Ezin da ulertu XXI. mendeko Nafarroan politika hauei muzin egitea. Testuinguru honetan, jakina, eskualde bakoitzaren ekosistemari egokituriko sustapen plangintzak diseinatu beharko dira, baina herritar guztien eskubideak bermaturik, han eta hemen, pertsona horiek, gutxi edo asko izanik.

Ulertzen dugu “eremu ez euskaldun” deiturikoan, herritar hainbat euskara baloratzearen kontra agertzea euren interesak defendatuz. Izan ere, 80ko hamarkadan onartu zen Vascuencearen Legearen kaltetuak dira, euskara Hezkuntza sisteman ikasteko aukera ukatu zaienak. Orain ez dute onartzen ukatu zaien hori baloratua izatea. Hezkuntzaren bidez Administrazioak gutxieneko maila (balorazioetan kontuan hartzekoa) bermatu izan balie, jarrera beste bat izango zen gaur egun. Horregatik, kulturaren eta bizikidetzaren sustapenaren izenean, ahalik eta lasterren zuzendu beharreko akats politikoa da hau: nafar guztiei euskara ikasteko eskubidea bermatu behar zaie.

Aurrekoa kontuan izanda, eskaera zehatza egiten diogu Nafarroako Gobernuari: alda ezazue dekretuaren izpiritua eta edukia, Nafarroako hizkuntza aniztasuna aitortu eta herritarren eskubideak bermatzea helburu izango duen Lege berri baterako bidean. Hori lortu bitartean gutxieneko urrats modura euskara merezimendu gisa baloratu beharko litzateke “eremu ez euskaldun” deiturikoan ere. Ez dago ulertzerik ikuspegi progresista batetik, eta bizikidetzaren alde zubigintza eta pedagogia egin behar duen Gobernuaren aldetik, Nafarroan alemana baloratzea eta euskara ez. Eta hori, esan bezala, lehen urratsa izan beharko litzateke herritar guztien eskubideak errespetatuko dituen lege baterako bidean. Errespetu kontua ere bada!

Oskar Zapata (Nafarroako Euskaltzaleen Topagunearen zuzendaria)