Berrikasi eta Berrikusi gogoetaren aurkezpenak Gasteiz, Tolosa eta Bilbon

Abenduan izango ditugu Berrikasi eta berrikusi gogoeta aurkezteko urteko azken hiru saioak. Orain arte Lasarte-Orian, Iruñean eta Getxon egin dira aurkezpenak eta abenduan hiru hitzordu izango ditugu.

  • Abenduaren 10ean, Gasteizen, Oihaneder euskararen etxean, mahai-inguruan izango ditugu Kike Amonarriz, Elena Laka eta Manex Agirre.
  • Abenduaren 14an berriz, bi saio izango ditugu:
    • Tolosako Kultur Etxean solasaldia egingo da Kike Amonarrizekin.
    • Bilboko Kafe Antzokian berriz, solasaldia Iñaki Martinez de Lunarekin egingo da.

Berrikasi eta berrikusi gogoeta azken hamarkadetako euskaltzaletasunaren irakurketa kritikoa egin eta etorkizunerako gako berriak asmatzeko helburuarekin Topalabe taldeak sortutako gogoeta da. Orain arte antolatutako saioak eta abenduko hiru saioak ere, gogoeta aurkeztu eta eztabaida pizteko helburuarekin egin da.

Topalabea taldeak dokumentua osatu zuenean ondoko hitzekin eman zion sarrera gogoetari:

Dokumentu hau euskaltzaletasunaren azken hamarkaden irakurketa kritiko bat da, etorkizuna begi berriz ikusteko helburuarekin egina. Eztabaida zintzoa suspertu nahi luke egin dugunaz, eskarmentu horrekin hobeto ekin diezaiogun egiteko dugunari.

Orain beraz, sarreran aipatzen den eztabaidari ekin zaio, hainbat herritan aurkeztuz, mahai inguru eta elkarrizketak antolatuz, eta tokian tokiko euskalgintzarekin iritziak eta etorkizuneko erronkak partekatuz.
Maiatzean Topaberri aldizkarian argitaratutako gogoeta formatu digitalean ere eskuratu daiteke ondoko loturan: Berrikasi eta Berrikusi.

Esan bezala, aurreko saioak Lasarte-Orian, Iruñean eta Getxon egin dira urrian eta azaroan. Saio horietako batzuetako bideoak sarean aurkitu daitezke: