Euskarazko telebista Iruñerrian. Denon artean baietz!!!

Topaguneak, TOKIKOMek eta Udalbiltzak lagunduta, Xaloa Telebistak diru-bilketa kanpainari ekin zion joan den astean. Lizentzia lortu ondoren, 50.000 euro behar ditu igorgailua eta errepikagailuak erosi eta instalatzeko. Helburua lortzea oso garrantzitsua da, edonondik ikusita ere:

  • Xaloarentzat alegaltasunetik irteteko aukera aparta da, eta bere jarduera egonkortzekoa, beraz.
  • Iruñerriarentzat, zer esanik ez: bertako euskaldunek –eta ez-euskaldunek ere- euskarazko telebista kontsumitu ahal izango dute, ETB digitalera pasatu zenetik egin ezin zezaketena. Albisteak, magazinak, haurrentzako marrazki bizidunak…
  • Euskal komunitatearentzat ere pausu handia da, euskararentzako beste plaza bat irabaztea, lehen euskarazko telebistarik ez zegoen lekuan orain halako bat gutxienez izatea.
Irudi hau wasap bidez zabaltzea ere lagungarri izan daiteke...

Irudi hau wasap bidez zabaltzea ere lagungarri izan daiteke…

Diru-bilketa KARENA plataformaren bidez egiten ari gara. Ekarpena egin nahi duenak bertan adierazi behar du zenbateko laguntza eman nahi duen, eta kopuru horiek batuz doaz pixkanaka. 40 eguneko epea dago 50.000 euroak lortzeko. Denbora horretan eskatutako kopurura iritsi ezean, inori ez zaio ezer kobratuko, eta telebistak, noski, ez du batere sosik jasoko.

Gaiaren garrantzia ikusita, deia egin nahi dizuegu euskaltzaleen elkarteoi, kanpainarekin lagun dezazuen. Hiru modu proposatzen dizuegu:

  • Elkarteetatik zuzenean diru-bilketan ekarpenak egitea (sari sinbolikoak ere jasoko dituzue trukean).
  • Bazkideen artean informazioa zabaltzea. Testutxo bana prestatu dizuegu euskaraz eta gazteleraz.
  • Zuen webguneetan, buletinetan, sare sozialetan, kanpainaren berri ematea.

Beste edozein modu bururatuz gero idatzi lasai info@tokikom.eus helbidera, eta komentatuko dugu, ados?

Mila esker aldez aurretik eta animatu laguntzera! Merezi du eta!