Euskaltzaleen Topagunea

Euskaraz bizitzearen alde, eskubide murrizketen kontra, larunbatean Bilbora

Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenaren epai bidegabe batek lan deialdi publikoetan hizkuntza eskakizunak arautzeko modua ezbaian jarri du, beste behin ere. Oraingo hau, gainera, bereziki larria da, sententzia idatzi duenak sortu nahi duen aurrekariarengatik eta izan nahi duen eraginagatik. Kontseiluko Idazkari Nagusiak esan duen modura, epai politiko baten aurrean gaude, hizkuntza politikan eragin nahi duen epai politiko baten aurrean, euskaldunon hizkuntza eskubideak bete daitezen eta euskararen biziraupena eta biziberritzea bermatze aldera, gizartearen adostasun zabaletik eraikitzen ari garen bidea oztopatu nahi duen epaia.

Ez da lehenengoa. Lehenago ezagutu izan ditugu euskararen normalizazio bidean aplikatu diren arau eta egin diren bestelako deialdiak gerarazi dituzten beste epai batzuk. Ez dira hilabete asko, esaterako, Espainiako Auzitegi Gorenak Lasarte-Oriako udalak haurrentzako jarduerak antolatzeko argitaratutako diru-laguntza deialdiaren hizkuntza irizpideak bertan behera utzi zituela. Eta azken astean bertan Nafarroako Auzitegi Administratiboak ere Atarrabiako udalean euskara meritu edo betekizun izatearen aurka jo du.

Euskaltzaleen Topagunetik Kontseiluak egindako deialdiarekin bat egiten dugu: indarrak batzeko garaia da. Gizarte modura ematen ari garen urratsen kontra dagoen oldarraldi judizialaren aurrean batuta agertzeko garaia da: euskaltzaleok, eragileek eta erakundeek batera jokatzea eskatzen du momentuak. Adostasun sozial zabalak josteko aukera dago.

Horregatik guztiagatik, Euskaltzaleen Topaguneak dei egin nahi dizue euskara elkarteen mugimenduko kide zareten guztioi, eta euskaltzaleoi, oro har, datorren larunbatean, maiatzaren 22an, goizeko 11etan, Bilbon Euskadiko Auzitegi Gorenaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Euskaldunok batera erantzun behar diegu bidegabekeriei eta horregatik, Kontseiluko gainontzeko bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera, bertan izango gara, Euskal Herri guztiko euskaltzaleen elkarteetako kideok ere.

Exit mobile version