Euskararen 9. maratoia asteburuan Lasarte-Orian

maratoia_9Lau urtetik lau urtera Lasarte-Oriako euskaltzaleek erronka egiten diote bere buruari: baietz 40 ordu, etenik gabe, euskaraz! Joko olinpikoekin batera heltzen da lau urteroko hitzordua eta aurten ere heldu da; hilabete luzeetako prestaketa lanak bukatuta, asteburu hontan ospatuko da 9. Euskararen Maratoia.

Larunbatean, urriaren 22an, goizeko 8etan abiatuko da aurtengo Maratoia. Ohikoa den moduan, zortzikote batek izango du Maratoia dinamizatzeko ohorea eta 40 ordutan mikrofonoa eskutik eskura pasata, bost minutukoa baino isilune luzeagorik ez izateko ardura. Igandean, urriaren 23an, gaueko 12etan maratoia bukatzen denerarte, oholtzaren gainetik pasako dira Lasarte-Oriako euskaltzale, elkarte eta saltsero guztiak.

Ttakun euskara elkarteko ordezkariek Euskal Herriko euskaltzaleen elkarte guztietako lagunei egin diete asteburuan zehar Lasarte-Oriara hurbildu eta festa gozatzeko gonbitea. 40 orduetan zehar, bada bertaratu eta gozatzeko paradarik.

maratoia_goiburua

40 ordutik 40 egunera, ehunka Ahobizi eta Belarriprest

Aurten erronka berria dakar Euskararen Maratoiak Lasarte-Oriara. Igandean, gauerdian, ohiko maratoia bukatzearekin batera ekingo diote lasartearrek 40 egunetan euskaraz bizitzeko apustuari. Horretarako deia egin diete antolatzaileek euskaraz ulertzen edo hitz egiten duten lasarte-oriatar guztiei. Batzuk Ahobizi izango dira eta hizkuntzaren armairutik irtengo dira, euskaraz biziz erronkak dirauen denbora guztian eta euskara ulertzeko gai den edonori euskaraz eginez. Besteak Belarriprest izango dira eta Ahobiziei laguntza emango diete, euskara dakiten guztiei euskaraz komunikatzeko erraztasunak emanez.

Ehunka dira sei astetan Ahobizi eta Belarriprest izateko izena eman duten lasarte-oriarrak. Euskal Herriko hainbat txokotan zabaltzen ari den ekimena Lasarte-Orian gauzatuko da hurrengo asteetan, beraz.

Animatu eta hurbildu Lasarte-Oriara asteburuan, festa ederra izango da!