Euskarak 365 egun herrietan mintegia urriaren 7an

Euskarak 365 egun mintegia egingo da urriaren 7an. Herritarren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskaltzaleak aktibatzeko xedez sortutako dinamika maiatzean aurkeztu genuen lehenengoz, Udaltop topaketan. Ekimena Euskaltzaleen Topaguneak aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzakin batera eta bestelako eragileei parte hartzeko gonbitea egin.

Iturria: www.udaltop.eus

Ordutik, proposamena euskalgintzako eragileei eta erakunde publikoetako ordezkariei aurkeztu diegu, zalantzak argitu eta parte hartu zein izateko gonbidapena egiteko. Jasotako ekarpenak aztertu, eta behin-betiko proposamena zehazten ari gara asteotan.

Tokian tokiko eragileei proposamena aurkeztu, kezkak argitu eta antzeko tipologiako herrien arteko elkarlana bideratzeko asmoz, mintegia antolatu dugu urriaren 7rako, larunbata. Herrietako kideak elkarrekin aritzeko gunea izango da, ekimena bideratzeko izan ditzaketen zalantzak eta beharrak elkarrekin konpartitu eta argitzeko; ez da, beraz, informazioa ematea soilik izango.

Elkarlana da dinamikaren oinarria

Euskalgintzako gizarte eragileen eta erakunde publikoen artean, tokian tokiko kolektiboen eta nazio mailakoen artean, eta euskalgintzako zein bestelako esparruetan ari diren euskaltzaleen artean. Horregatik, larunbatez izango da mintegia, borondatezkoak zein euskalgintzan lanean ari diren kideak batera aritu daitezen.

Mintegiari buruzko informazio zehatza (lekua, ordutegia, gai-ordena) datozen egunetan zabalduko dugu.