Euskaltzaleen Mugimenduak hizkuntza praktika berriak hedatuko ditu ziklo berrian

Euskaltzaleen Topaguneak urteko Batzar Orokorra egin berri du Durangoko Elkartegian. Besteen aldean, berezia izan da aurtengoa, ziklo berri baten hasiera ez ezik, etorkizunera begirako bidea zehaztu baitu gaurkoan: Euskaltzaleen Topaguneak euskararen erabilera handitu dadin lan egingo du eta horretarako hizkuntza praktika berriak hedatuko ditu lau haizetara, herri dinamikak oinarri dituela.

Euskaltzaleen Topaguneak 20.000 bazkidetik gora, 2000 boluntario eta 20 urte bete berri ditu. Datozen urteetan euskararen erabilera eta hizkuntza aniztasuna lantzea lehentasun hartuta, horretarako zer pausu emango dituen zehaztu zuen martxoaren 24an. 

600 boluntario gehiago

Mugimenduak aurten hogei urte bete dituenez gero, azken hamar urteotan izan duen bilakaera aztertzen aritu da eta, besteak beste, bazkideengandik jasotako datuek diote azken hamar urteotan 600 boluntario gehitu direla Euskaltzaleen Topagunera. Gazteek dute horretan eragin nabarmenena; haien artean gehiago dira boluntarioak bazkideak baino eta erakusten du kolaborazio modu berriak pizten ari direla. Urtean 8.592 ordu boluntario egiten dira elkarteen gidaritzan.

Gaur egun 20.000 bazkidek eta 2000 boluntariok osotzen dute Mugimendua. Bazkide eta boluntario gehienak emakumezkoak dira, eta Mugimenduko langileen % 68a ere bai. Krisi garaian egonda ere, langile kopurua hazi egin da, baita bazkideen ekarpen ekonomikoa ere: 2007.urteaz alderatuta, %32 jaitsi dira Euskaltzaleen mugimenduak jasotzen dituen diru-laguntza publikoak; aldiz, bazkidetza kuoten ekarpena %36,5 igo da.

Tokiko Euskara elkarteek gaur egun gehien lantzen dituzten arloak kultura, sentsibilizazioa, mintzapraktika eta aisialdia dira.

Aniztasuna, sormen eskolak eta gazte euskaltzaleak

Euskaltzaleen Mugimenduak lankidetza indartuko du etorkinen elkarteekin eta hizkuntza praktika berriak hedatuko dituzte elkarrekin, herriz- herri antolatuko diren dinamiken bidez. Izan ere, Euskaltzaleen Topaguneak bere lehentasun ditu jadanik hizkuntza aniztasuna balioan jartzea eta euskararen erabilera norbanakoengan, erakundeetan, enpresetan, herrietan eta instituzioetan aktibatzea.

Halaber, Kulturgintza suspertzeko sormen eskolen bidea sustatuko du Mugimenduak (2017an 3 pilotaje abiatzeko lana egingo da) eta Gazte euskaltzaleen mugimendua indartzeko, berriz, Arabako gazte euskaltzaleek hasitako bideari lagunduz jarraituko du Mugimenduak, eta gainontzeko lurraldeetan antzeko dinamikak bultzatuz.

Euskarak 365 egun” / Denok pausu bat aurrera

Euskararen erabilera handitzeko 2017an eta datozen urteetan Euskaltzaleen Topaguneak landuko duen proiektu nagusia da. Azken urteetan erabileraren aldeko sentsibilizazio lan handia egin da eta Mugimenduak erabaki du pauso bat gehiago emango duela aurrera: hizkuntza praktikatan eragiteko ekimenak herriz herri hedatzea izango da aurrerantzean lehentasuna. Egiako “Egian euskaraz bizi nahi dugulako”, Aguraingo “Nik 75”, Hernaniko “Euskara ari du” edo Lasarteko “Irten armairutik” bezalako dinamikak izango dira “Euskarak 365 egun” ekimenaren baitan zabalduko direnak. Mugimenduak, pausu hau aurrera ematerakoan, norbanakoak ez ezik, erakundeak, enpresak eta instituzioak ere deituko ditu hizkuntza hautuen gaian aktibatzera.

Halaber, “Euskarak 365 egun” hauen guztien hedapen eta garapen ahalik eta zabalena emateko, dinamika berri bat bultzatzeko asmoa du Euskaltzaleen Topaguneak eta datozen hilabeteotan lankidetzarako bidaideak eta proiektuari ekarpenak egiteko aliantzak artikulatzen jarriko ditu indarrak.

2016 emankorra

Urteko Batzar Orokorrean iazko jarduera eta diru kontuak eta 2017rako plangintza eta aurrekontua landu dira. 2016a emankorra izan da eta ohiko jarduerari eusteaz gain, hainbat ekimen berri gauzatu dira. Aipagarrienak, honakoak:

  • Tipi-Taupa: herri euskaldunetan euskaltzaleak aktibatzeko

  • Zubideiak “Euskara, aniztasuna eta bizikidetza”ri buruzko gizarte elkarrizketa

  • JALGI kulturgintzari buruzko ikusgarritasuna eta transmisioa indartzeko Aiaraldean gauzatu zen kultur ekimena

  • Europako 7 hizkuntza komunitateren lankidetzaren fruitu izan den TOSTA proiektua eta horren emaitza izan den “Gida ez perfektua”

Euskaltzaleen Topaguneak 1.585.000ko aurrekontua kudeatu du 2016an eta emaitza positibo txiki batekin bukatu du urtea. Esan ere bazkide berri bat gehitu dela mugimendura, Urkabustaizeko Lan eta Jolas elkartea eta Zuzendaritza Batzordea berritu da:

  • Zenbat Gara Elkarteko Isabel Isazelaiak kargualdia beteta ZBa utzi du

  • Bi kide berri gehitu dira: Arrigorriagako Abarrak elkarteko Karmelo Ayesta eta Elgoibarko Izarra elkarteko Imanol Larrañaga.

  • Elena Lakak jarraituko du mugimenduko lehendakari karguan