Euskaltzaleen mugimendua antolatzeko ereduen inguruko gogoetak ardaztuko du aurtengo Topaldia

  • Tokian tokiko komunitateari baliagarriak izan zaizkion Euskal Herriko zazpi esperientzia bilduko ditu jardunaldiak.

  • Otsailaren 6an, Bilbon, izango da eta antolaketa eredu bakoitzak gizarte aktibaziorako izan dezakeen balioa azaleratzea du asmo.

  • Izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 31ra arte; eta horretarako, topaldia.topagunea.eus webgunea erabili behar da.

2020ko otsailaren 6an, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan izango da Topaldiaren edizio berria. Aurtengoan, antolakuntza ereduen inguruko gogoetak ardaztuko du jardunaldia, izenburuak berak adierazten duen bezala: “Nola antolatuko da etorkizuneko euskaltzaleen mugimendua?”. Jardunaldiak helburu bikoitza dakar: alde batetik, euskaltzale autoeratuen tokian tokiko antolakuntza ereduak ezagutzeko abagunea eskainiko du; eta, beste alde batetik, etorkizunera begira baliozkoak izan daitezkeen ereduen inguruan elkarrekin pentsatzeko espazioa sortzea du asmo. Horretarako, Euskal Herriko hainbat esperientziaren berri jasotzeko aukera egongo da, protagonisten ahotik, zuzenean. Tokian tokiko hizkuntza komunitateetan funtzionatzen ari diren esperientziak mahairatuta, antolaketa eredu bakoitzak gizarte aktibaziorako dituen gakoak aletzea da Topaldiaren asmoa. Jardunaldian izena emateko epea zabalik dago jada, eta ez da itxiko urtarrilaren 31ra arte edo aretoko edukiera bete arte. Izen-ematea topaldia.topagunea.eus webgunearen bidez egingo da.

Esperientzia berritzaileak, erdigunean

Euskara elkarteetan 90. hamarkadan sortu eta zabaldu ziren antolakuntza ereduetatik abiatuko da Topaldia, ohiko antolaketa ereduek oraindik orain betetzen dituzten funtzioak nabarmenduz. Aurrera egin ahala, ordea, jendarteak dakartzan aldaketetara moldatzeko asmoa duten eredu berriak plazaratuko dira. Izan ere, esperientzia horiek osatuko dute jardunaldiaren muina. Guztira, Euskal Herriko zazpi txokotako esperientziak bilduko dira Topaldian. Atarrabiako Karrikaluze elkartearen bilakaera eta etorkizuneko asmoak zabalduko dute jardunaldia. Jarraian, Tolosaldean eta Eibarren administrazioa, euskara elkarteak eta euskalgintza soziala elkarrekin bultzatzen ari diren gobernantza berrien ereduak mahai gaineratuko dira. Ondoren, Arabako lautadan, Derion zein Donostian garatutako ereduek hartuko dute lekukoa, tokian tokiko komunitatearen beharrei eta testuinguru espezifikoei erantzuteko garatu dituzten ereduak elkarbanatuko dituztelarik. Eredu berritzaileek irekitako ildoari helduta, eta jardunaldia borobiltzeko, berrikuntza sozialaren gaia ere landuko da, euskalgintza bezalako mugimendu sozialek eraldaketa horretan duten egitekoaren inguruko gogoeta zabalduz. Horretarako, berrikuntza sozialean aditu Igor Calzada doktorearen hitzaldia entzuteko parada izango da. Horrekin batera, adibide zehatz baten berri ere emango da: Aiaraldeko Kooperatiba integrala. Azken esperientzia horren bidez, zeharkakotasunez eta eraldaketa sozialaren ikuspegitik, komunitatearen beharrak nola asetzen dituzten azalduko dute. Azkenik, jardunaldia ixteko, esperientzien analisia egingo dute, eta etorkizuneko aukerak aletuko dituzte, Joxemi Zumalabe Fundazioko Andere Ormazabal eta Zesar Martinezek eta Mondragon Korporazioko Iñigo Iñurrategik. Jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin eta Soziolinguistika klusterraren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin antolatuko da.