Euskaltzaleen Topagunea

Euskalgintzaren mapa formakuntza saioa

Barne formazio saioa eskainiko du Euskaltzaleen Topaguneak bere kide guztiei zuzenduta datorren martxoaren 3an. Euskalgintzaren mapa izenburuko prestakuntza saioaren helburua euskalgintza deitzen dugun gizarte eragileen sarearen ezagutzan sakontzea da. Horretarako, Galtzaundi euskara elkarteko zuzendaritzako kide den Garikoitz Goikoetxeak bi orduko saioa eskainiko du sarean.

EUSKALGINTZAREN MAPA

Euskalgintzan ari gara, nor bere esparrutik euskara sustatzeko ahaleginean, baina nor gara euskalgintzan? Euskalgintzaren mapa bat osatuko dugu saio honetan, ikuspegi nazionaletik begiratuta: gizarte eragileen antolaketa, administrazio amarauna eta elkarlanerako foroak. Nor bere esparrutik aritzea soilik ez, inportantea da elkarlanerako dinamikak etengabe elikatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da albokoaren berri izatea: nor den, eta zertan ari den. Horixe da saioaren helburua.
Sare zabala da euskalgintza. Eragile eta azpisektore ezberdinak ezagutzea eta dauden elkargune ezberdinen funtzio eta osaketak aztertu nahi dira ikastaro labur honetan. Euskalgintzaren historia aztertuta ibilbide horretan egondako aliantzak nabarmenduko dira eta euskara elkarteen mugimenduak sare horretan betetzen duen funtzioa aztertuko da.

Mugimenduko kideei zuzendutako saioak

Bi saio eskainiko dira martxoaren 3an, bat goizez (9.00etan) eta bestea arratsaldez (18.00etan). Eduki bera izango duten bi saio izango dira. Bi saio antolatu dira ahalik eta kide gehienengana heldu ahal izateko. Ikastaroan Topaguneko kide diren elkarteetako eragile, teknikari, batzordekide eta bazkideek parte hartu ahal izango dute, baita Topaguneko lantaldeko zein batzordeetako kideek ere. Bakoitzak bere ordutegiaren arabera egokien datorkion saioan eman ahal izango du izena. Izena berri honen bukaeran dagoen formularioaren bidez egin daiteke.
Goizeko saioa 9:00etan hasiko da eta arratsaldekoa 18:00etan. Iraupena, esan bezala, ordu eta erdi eta bi ordu artekoa izango da.
Formazio saioa 2019 urtean martxan jarri zen 1eratu dinamikaren barruan eskainiko da. Lan-ildo honetan lantzen ari da, besteak beste, mugimenduko kideen prestakuntza eta hauxe izango da dinamika honen barruan eskainko den bigarren formazio saioa (lehenengoa ekainean egindako harrera saioa izan zen, euskara elkarteen mugimenduaz eta soziolinguistikaren oinarriez eskainitakoa). Jakintza trukatu eta mugimenduko kideak prestatzeko saioak dira aurrerantzean ere eskainiko direnak.

Garikoitz Goikoetxea hizlari

Saioa gidatzeko ardura Garikoitz Goikoetxeak izango du, Galtzaundi euskara elkarteko zuzendaritzakide eta Tolosaldeko Komunikazio Taldeko lehendakariak. Garikoitzek ondo ezagutzen du euskalgintza. 2016an argitaratu zuen “Euskara irabazteko bidean” liburua eta urtetan aritu da kazetari lanetan euskarari eta euskalgintzari lotutako gaiak lantzen, besteak beste. Era berean, lehenago aipatu izan dugun modura, Tolosaldeko euskalgintzako kide aktiboa da.

Exit mobile version