Euskal hiztunak biderkatzeko trukoa… zeure esku dago!

Gaur goizean, 2014-2015 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoen izen emate kanpaina aurkeztu dugu Donostian. Bertan izan dira Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria, Maitane Arizabaleta Bergarako Jardun elkarteko kidea, eta Kristina Kerthoff eta Bego Urzelai Bergarako berbalagunak, aurtengo kanpainaren protagonista, Asier Kidam magoarekin batera.

Kanpaina honen bidez, hizkuntza gaitasunak areagotu eta inguruko euskal hiztunak ugaritzea posible dela erakutsi nahi dugu; eta horretarako, euskaraz hobeto eta gehiago aritzeko, eta euskal hiztunak biderkatzeko, mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen dutenek jakin badakite ez dela magiarik behar, TRUKOA NORBERARENGAN DAGOELAKO! Astean ordubetez arituta, hizkuntza gaitasunak hobetzen dituzte mintzalagunek. Eta astean ordubetez elkartuta, euskal hiztunak biderkatzen dituzte parte hartzen duten kideek. Horixe da mintzapraktika egitasmoen magia: ahalegin txiki eta atseginarekin, indarrak biderkatzen dira!

OROKORRA INTERNET

 

Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun baino gehiago elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Izen emateak gora egiten du urterik urte, eta hastear dagoen ikasturtean 6.000 mintzalagun lortzeko bidean daude Mintzapraktika egitasmoak. Guztira, 22 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, baina Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzeko deia Euskal Herri osora hedatu nahi dugu. Gogoratu bi mintzalagun mota daudela; Hitz egiteko jariotasuna, ohitura lortu nahi dutenak batetik eta egunerokoan euskaraz bizita, besteei laguntzeko parte hartzen dutenak, bestetik. Mintzapraktika egitasmoetan BIAK BEHAR DITUGU! Beraz, lagundu mezua zabaltzen: Egin zaitez Mintzalagun eta BIDERKATU EUSKARA!