Euskal Herriko mintzalagunak mintzodromoan hartu-emanetan

Aurten, hirugarren urtez, Mintzalagunok Durangoko azokara irteera egitea aurreikusita genuen, elkarrekin Euskaraldiaren 2.edizioari amaiera emateko asmoz. Aitzitik, bizi dugun egoerak gure asmoa galarazi zigun. Hala ere, 2020an zehar egin dugun moduan, egoerara moldatu eta sarean elkartu ginen. Abenduaren 5ean,  mintzodromoan ordubetez elkar ezagutu eta euskaraz aritzeko tartea izan genuen.  Izena eman genuen 45 Mintzalagunak, 10 taldetan elkartu ginen eta hainbat mintzagai izan genituen: Euskaraldia, teknologia berriak, gure aisialdia…. Tarte atsegina pasa genuen beste behin ere!

Hitzorduaren amaieran, denok batera topa eginez agurtu genuen Euskaraldia, laster aurrez aurre elkartzeko desioarekin. Agurrik ez, gero arte baizik. Izan ere, Mintzalagunok gure ohituretan aldaketak eragin asmoz jarraituko dugu ikasturte osoan zehar: euskaraz aritzeko gune eta uneak sortzen, astero taldean euskaraz aritzeko elkartzen eta  ekintza osagarriei esker gainerako mintzalagunekin hartu-emana izaten.

Euskaraldian hasitakoari jarraipena eman nahi dioten ahobizi zein belarriprest oro Mintzalagun izatera gonbidatzen dugu. Herrietako Mintzalagun egitasmoetan parte hartzeko bigarren izen emate deialdia urtarrilean irekiko da.Gorde data zure agendan! Izena eman nahi baduzu jo ezazu zure herriko euskara elkartera, euskaltegira, udalera edo nahiago baduzu mintzalaguna@topagunea.eus helbidera idatzi. Anima zaitez! Euskara bizi, erabili. Laster arte!