Esan Erran irratiak emisioa eten du

<!– @page { margin: 2cm } P { margin-bottom: 0.21cm } –>

Esan Erran euskaraz emititzen duen irrati bat da. Bere lurraldea, Imotz, Basaburua, Ultzama, Odieta, Anue, Atetz eta Lantz. Herriak sortu zuen eta herriaren lanari eta laguntzari esker iraun du ia hamabost urte. Orain bere emisioa eten behar izan du, langile bat lanik gabe gelditu da eta herritarrek zerbitzu bat galdu dute.

Jendeak jakin behar du ez dela krisi ekonomikoaren beste biktima bat izan, aspaldi hartutako erabaki politiko baten ondorioa baizik; euskarazko proiektuak itotzeko estrategia baten ondorioa. Urte franko dira diru-laguntzak murrizten hasi zirela, eta oraingo honetan erabat desagertu dira, krisiaren aitzakian. Ongi neurtutako erabaki politiko bat izan da.

Eta, herriak jakin dezan, zuri esan behar dizugu Nafarroako Gobernuaren (UPN-PP, PSN) agintari zaren horri, eta zuri ere Ultzamako Udaleko mandatari zaren horri, irratia desagertzea zuek hartutako erabaki politiko baten ondorioa izan dela.Hauxe da zuen hizkuntza politika hiltzailearen leloa: erdarazko proiektuak nafar guztionak dira eta denok ordaindu behar ditugu; euskarazkoak, berriz, soilik euskaldunenak dira, euskaldunek ordain dezatela!

Baina, euskara ez da luxuzko produktu bat, euskara gure hizkuntza da. Nafarrak gara eta euskaraz bizi nahi dugu. Gure nahia eta guztion eskubidea da. Euskarak bizirik irauteko ezinbesteko arnasbideak ditu euskarazko hedabideak. Horregatik, ahaleginak eta bi eginen ditugu Esan Erran lehen baino ozenago eta argiago entzun dadin.

Ametza Kultur Elkartea lantaldeak osatzen ari da Esan Erran ez isiltzeko erabat gutxienez, Pulunpe aldizkariaren funtzionamendua hobetzeko, eta egoera ekonomikoa bideratzen saiatzeko herritarren parte-hartzea bultzatuz eta udal zein kontzejuen inplikazioa bilatuz. Zuen parte-hartzea behar-beharrezkoa dugu nahi duzun lantaldean eta moduan.

Gurekin harremanetan jartzeko: 948 30 51 34, ezubioa[abildua]iparmank.org eta pulunpe[abildua]gmail.com