ROCK MUSIKA EUSKAL HERRIAN

Iparraldetik zabaldu ziren Euskal Herri osora lehenengo rock erritmoak 70ko hamarkadaren erdialdean. NIKO ETXART eta ERROBI taldeko Anje Duhalde eta Mixel Ducauren eskutik; horratx euskaraz kantatutako rockaren aitajaunak. Haien lorratzari segika KOSKA, LISKER edo SAKRE bezalako taldeak sortu ziren 80ko hamarkadan iritsiko zen iraultza musikalari atea irekiz.

Harrez gero, euskaraz abestutako rock musikak bilakaera oparoa izan du Euskal Herrian. HERTZAINAK edo ZARAMA-rekin hasi eta DANBANEGU GORRIAK, SUTAGAR, LATZEN, EXKIXU edo BERRI TXARRAken doinuen aterpean hazitako hainbat taldek eraiki dute euskal rockaren soinu banda: ZEA MAYS, GATIBU, LIHER, WILLIS DRUMOND, VULK. Tartean, azaroaren 12an Igorren Udagoieneko Osterak aukezten duen kontzertuko bigarren protagonistek; KEROBIA.

NIKO ETXART+HAPA HAPA eta KEROBIA

NIKO ETXART eta HAPA HAPA 

Errobi taldearekin batera, euskaraz abestutako rock musikaren aitzindarietako bat da Niko Etxart. Makina bat proiektu musikalen sortzaile, Niko Etxartek euskal rockaren zimenduak eraiki zituen «Euskal Rock and roll» bezalako kantekin, 70ko hamarkadan. Bakarkako 4 diska eta Minxoriak taldearekin 2 lan kaleratu zituen 1979 eta 1990 artean. HAPA HAPA taldearekin berriz, beste bi diska kaleratu zituen: «Gili gilikatzen haut» eta «Minuette». Etxartek, rockaz gain, musika tradizionala era landu bere ibilbide oparoan.

 

 

KEROBIA

KEROBIA taldea 2001ean osatu zen Iruñean. Sei diska kaleratu zituzten 2014ean taldea desegitea erabaki zuten arte. 2021ean berriz elkartu eta «Hilak» diska atera zuten, taldearen ibilbideko 7.ena. Kerobiak egiten duen pop-rock dotore eta zainduak kritika espezializatuaren oniritzia eta milaka jarraitzaileren goresmena jaso du urte guztiotan. Taldearen itzulerak sorrarazi duen ikusminak,  egungo  Pop-rock talderik estimatuenetako bat dela erakutsi du.