Topagunea Euskal Herri osora zabaldu da 2022ko Batzar Nagusian

Urrats garrantzitsua eman du Euskaltzaleen Topaguneak 2022ko Batzar Nagusian. Ostiralean (maiatzak 6) Hendaiako Ondarraitz kirol estadioan egindako batzarrean zazpi bazkide berri batu dira Topagunera, hirugarren Kongresua 2023an egingo dela iragarri da eta zuzendaritzakide berriak izendatu dira. Azken bi urteetan, pandemiaren eraginez, ezin izan da aurrez aurreko Batzar Nagusirik egin. Aurtengoan berriz 60 lagun bildu eta giro onean egin da batzarra.

Hitzordu garrantzitsua zen Hendaiakoa Euskaltzaleen Topagunea osatzen dutenentzat, aspaldi ez bezala berriro elkarrekin egoteko aukera izateaz gain, Ipar Euskal Herrian euskara elkarteen mugimendua saretzeko eman diren urratsak ospatu eta bazkide berriei ongi etorria eman zaielako. Gainera, Euskaltzaleen Topagunea sortu zenetik 25 urte bete direla ere ekarri da gogora eta aurten urteurrena ospatzeko aukera izango dela azaldu da.

Urtero modura, Batzar Nagusiak dituen ohiko aztergaiak ere landu dira Hendaiako bilkuran: aurreko urteko jarduera txosten eta diru-kontuei onespena eman eta 2022 urterako Kudeaketa Plana eta aurrekontua onartzea.

 

Euskal Herri osoko euskara elkarteak saretu

Hego eta Ipar Euskal Herrian izango ditu bazkideak aurrerantzean Euskaltzaleen Topaguneak. Aurtengo Batzar Nagusian onartutako zazpi euskara elkarteetatik bost Ipar Euskal Herrikoak dira eta 2020an Topagunera batutako Hendaiako Mintzaian elkartearekin batera, sei dira jadanik Ipar Euskal Herriko Euskaltzaleen Topagunea osatuko duten elkarte euskaltzaleak. Iparraldeko beste zenbait elkarterekin ere harremana izan da azken urtean eta sarea osatzen ari da.

Esan bezala, zazpi bazkide berri onartu ditra urtengo batzarrean: Amikuzeko Zabalik elkartea, Baionako Biltxoko, Miarritzeko Mintzalasai, Izturitzeko Artetxea, Larresoroko Ote Lore, Iruñeko Laba eta Zumaiako Larraina euskara taldea izan dira Topagunera batutako elkarte berriak. Bazkide berrien ordezkariek ere parte hartu dute gaurko Batzarrean eta hitza hartu dute guztiek. Elkarte bakoitzaren berri emateaz gain, Topagunera batzeko arrazoiak azaldu dituzte hitza hartu duten guztiek. Ilusioz batu dira, gainontzeko euskara elkarteekin saretzeko gogoz.

 

Euskara elkarteen mugimenduaren hirugarren Kongresua

Lau hamarkada beteko dira laster euskara elkarteen mugimendua sortu eta herriz herri hedatzen hasi zenetik. Tokian tokiko euskara elkarte hauek Euskaltzaleen Topagunean egituratu zirenetik 25 urte bete dira gainera 2022 urtearen hasieran. Hamar urte bete dira baita ere, euskara elkarteen mugimenduak lehen eta bigarren Kongresuak egin zituenetik. Azken hamar urteetan Euskaltzaleen Topaguneak eta euskara elkarteek egindako ibilbidea aztertu eta hurrengo urteetarako erronken inguruan gogoeta egiteko 2023ko udazkenean mugimenduaren hirugarren Kongresua egitea erabaki dute bazkideek, beraz. Aurreko hilabetean egindako lurralde bileretan aurkeztu zen Kongresua egiteko proposamena eta bazkideen aldetik begi onez ikusi zen ekimena. Aurreko Kongresua egiteko hamar urte luze joan dira eta ibilbide oparia egin du bai Topaguneak eta baita euskara elkarteen sareak ere. Horregatik, oso une egokia da hau gogoeta berri bat proposatu eta hirugarren Kongresua egiteko.

Batzar Nagusian Kongresurako gogoetagaiak proposatzeko ariketa egin nahi bazen ere, batzarra luzatuta, aurrerago egitea erabaki da. Edonola, urte eta erdi geratzen da Kongresurako eta egutegia martxan jarri da jadanik.

 

Kalea berreskuratu eta euskaltzaleak aktibatzea helburu

Bi urtetan pandemiak gizartean izan duen eragina euskara elkarteen mugimenduan ere nabari izan dela aipatu dute gaurko batzarrean Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek. Aisialdian, kulturgintzan eta mintzapraktikatan zein hizkuntza aniztasuna lantzeko egitasmoetan pandemiaren eragina garrantzitsua izan da. 2021 urteko jardueraren memoria aurkeztean arloz-arlo martxan izan diren ekimen nagusiak aurkeztu dira.

Azken urte bietako egoera aintzat hartuta, 2022 urterako Euskaltzaleen Topagunearen helburu nagusietako bi izango dira euskaltzaleen aktibazioa eta kaleetan euskararen normalizazioaren aldeko dinamikak areagotzea. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra Hitzez ekiteko garaia lemapean egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioa aukera paregabea izango da helburu horiek lortzeko bidean. Helburu horiei erantzuten diete, baita ere, 2022 urteko Kudeaketa Planean jaso diren kultur, aisialdi, sentsibilizazio, mintzapraktika eta aniztasun arloko egitasmoek ere.

Aurtengo Batzar Nagusian tarte bat hartu da aisialdia lantzen duten euskara elkarteak biltzen dituen Kukulaisi elkartearen eta toki hedabideen bateragunea den TOKIKOMen 2022rako asmoak aurkezteko. Kukulaisi euskaltzaleen topagunea sortu zenetik zazpi hilabete joan dira eta Markel Baroja zuzendaritzakide eta Berbaizu euskara elkarteko kideak hurrengo hilabeteetarako helburu eta ekimenak aurkeztu ditu. Bestetik, TOKIKOM toki komunikabideen bateraguneko ordezkari Joxe Rojasek bateraguneak 10 urtetan egindako ibilbidea eta izandako lorpenak azpimarratu ditu. Horrekin batera, 2022 urterako TOKIKOMek dituen egitasmo nagusiak aurkeztu ditu.

 

Zuzendaritza Batzordea berritua

Hiru kide berri batu dira, azkenik, Euskaltzaleen Topagunearen Zuzendaritza Batzordera. Gaurtik aurrera Arrasateko AED euskara elkarteko ordezkari modura arituko da Karmele Perez, Bilboko Zenbat Gara elkarteko ordezkari modura Isabel Isazelaia eta Gasteizko GEU elkarteko ordezkari izango da Jon Ajuria. Hiru ordezkari berriek parte hartu dute batzarrean eta hitza hartu dute. Ilusioz ekingo diote beraien parte hartzeari eta ekarpenak egiteko gogoz. Batzordean jarraitzen duten gainontzeko ordezkariekin batera, guztira 12 kide izango ditu aurrerantzean Euskaltzaleen Topagunearen Zuzendaritza Batzordeak.

Honenbestez, Batzar Nagusia giro ezin hobean amaitu da, Topaguneak jauzi garrantzitsua eman duenaren konfidantzarekin.