Karlos Goñi Zeligeta: ikasturte berrian ere Mintzalagun!

Duela 12 urte hasi zen Karlos Mintzakiden bidelari, euskara praktikatzeko. Orain bidelagun aritzen da, euskaraz aritu nahi dutenei laguntzen, mendi-talde batean. Mintzalaguna izateak merezi duela dio “euskaraz aritzeko lotsa kentzeko,  lagun euskaldunak egiteko eta herrian euskaraz aktibitateak egiteko”. Urte askotan jarraituko omen du MintzaPoza praktikatzen.

 

 

Nola hasi zinen zu Mintzalagun?

Talde batean. Mintzakiden eman nuen izena, ostegun arratsaldeetan elkartzen hasi ginen lagun koadrila bat eta oraindik halaxe jarraitzen dugu.

Zerk motibatu zintuen Mintzapraktikan hasteko?

Batez ere hemen, Iruñean, euskara praktikatzeko eta hitz egiteko. Izan ere, Iruñean euskaldun asko dago, baina lehen euskara gutxi entzuten zen.

Orduan, nolabait, euskaraz hitz egiteko aukera gehiago izateko hasi zinen.

Bai, halako zerbait. Gazte garaian izaten dituzu lagun euskaldunak baina, urteak pasa ahala, geroz eta gutxiago erabiltzen duzunez… aukerarik onena Mintzakiden aritzea da.

Nola gogoratzen duzu hasiera hura? Zer sentsazio zenituen?

Ni lotsatia naizenez, jende ezezagunarekin biltzearena zaila ikusten nuen. Baina oso erraz egiten da! Jendearekin elkartzen zara, denak jatorrak dira eta hasieratik oso ondo moldatu gara.

Zerk ematen zizun satisfakzioa. Zerk asetzen zintuen?

Batez ere euskaraz aritzeak,  lagun euskaldunak izateak eta euskaraz aritzeko aukera edukitzeak.

Hamabi urte pasa dira ordutik eta orain bidelaguna zara, beste batzuei laguntzen diezu euskaraz praktikatu dezaten.

Pentsa! Honetan hasi nintzen euskaraz praktikatzeko eta orain ni naiz laguntzen dudana! Horrek satisfaktzio handia ematen dit. Hogei bat gara mendi taldean, euskara maila aldetik oso ezberdinak eta primeran moldatzen gara!

Nola praktikatzen duzue MintzaPoza zuen mendi taldean?

Aste osoan aritzen naiz pentsatzen asteburuan mendira joango garela, badakidalako oso gustura ibiliko garela elkarrekin. Oso ongi pasatzen dugu, talde handian eta euskaraz. Hori da MintzaPoza: euskaraz aritzea mendian eta jende jatorrarekin.

Konfiantza eremu bat sortzen duzue euskaraz aritzeko

Hori da. Oso maila ona ez dutenek agian lotsa handiagoa dute hitz egiteko, baina gurekin ez dute arazorik; nahi duten bezala hitz egin dezakete, agian batzuetan zuzendu egiten diegu baina…

Ezagutzen duzu mendira joaten den beste mintza talderik?

Bai beste herri batzuetan ere badira gu bezalako taldeak .Adibidez, Gipuzkoa aldean badago  “mendian euskaraz” deitzen den talde bat. Gu bezala aritzen dira, mendian eta urtero elkarrekin egiten dugu txango bat. Ekimen hau oso ondo dago jende gehiago ezagutzeko!

Esango zenuke orain euskaraz hobeto, gehiago eta gehiagorekin  hitz egiten duzula?

Bai horixe! Hobeto hitz egiten dut, askoz jende gehiagorekin eta orain aukera gehiago ditut euskaraz aritzeko. Iruñean bertan, euskara pila bat dago.

Mintzalagun zarenetik talde baten parte sentitzen zara?

Jakina! Euskaldunok hori zer den badakigu! Hasieratik sortzen da konplizitate hori eta konturatzen zara zuk uste zenuena baino euskaldun gehiago daudela. Euskaldun munduan gaude eta beti euskara bultzatu behar dugu!

Mintza taldetik kanpora egin dituzu harreman berriak euskaraz?

Bai, adibidez, nire taldekoen lagunak ere euskaldunak dira, euskaraz hitz egiteko ohitura galduta zutenak. Orain askotan elkartzen gara bazkari bat egiteko, antzerkira joateko… Uste baino euskaldun gehiago dugu inguruan, Iruñean bai behintzat! Azken finean, lehen hitza euskaraz esan eta euskaldun pila bat agertzen dira.

Mintzapraktikaren abantailak zeintzuk direla esango zenuke?

Lotsa galtzea. Euskaraz aritzeko ausardia ematen dizu Mintzapraktikak. Abantaila nagusia da kalean arazorik gabe euskaraz hitz egitea eta kalean euskara entzutea. Orain geroz eta euskaldun gehiago ezagutzen ditut,  kalean arazorik gabe hitz egiten dut euskaraz eta geroz eta jende gehiagorekin gainera.

Bazenekien Mintzalagunei esker Euskal Herrian geroz eta gehiago hitz egiten dela euskaraz?

Jakin-jakin… hori ikusten da. Ziur naiz niri gertatu zaidana beste jende askori gertatu zaiola: hasieran ez daukazu euskaraz norekin aritu. Ondoren, geroz eta euskaldun gehiago ezagutzen hasten zara eta orain, hamabi urte eta gero, kalean arazorik gabe aritzen naiz euskaraz eta lagun euskaldun pila bat ditut.

Nor gonbidatuko zenuke Mintzalaguna izatera?

Edonor! Euskaraz aritzeko lotsa kentzeko,  lagun euskaldunak egiteko eta herrian gauzak egiteko euskaraz.

Galdetu ez dizudan zerbait esan nahiko zenuke? 

Ba esan nahi dut oso pozik nabilela Mintzalagun eta urte askotan jarraituko dudala MintzaPoza praktikatzen!