‘Agur’ film laburrak irabazi du 16. Kameratoia

Atzo, hilak 22, egin zen sari banaketa ekitaldia online Ugaitz Alegria aktorearen gidaritzapean, eta epaimahaiaren zein ikusleen sariak jakinarazi zituzten. Hasieran 110 zinemazalek, 32 taldetan antolatuta, eman zuten izena Lekeitioko Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen dugun Kameratoia film laburren rallyan parte hartzeko, baina 26 izan ziren azaroaren 15eko zitara garaiz heldutako proiektuak. 

36 orduko lan gogorra galdatzen duen lehiaketa da Kameratoia. Antolatzaileek ezarritako baldintzak betetzea funtsezkoa da, eta horrek talde bati baino gehiagori eragin dizkio buruhausteak. Atzo, azaroak 22, egin zuten sari banaketa ekitaldia Ugaitz Alegria aktoreak zuzendutako online saioan, eta online konektatutako ordezkariek esperientziaren balorazio positiboa egin zuten; egun gogorrak igaro bazituzten ere, esfortzuak merezi izan zuela adierazi zuten.

Aitor Arregik eta Izibene Oñederrak osatutako epaimahaia ere konektatu zen ekitaldira, eta beren erabakiaren berri eman zuten. Hala, ondorengoak dira 16. Kameratoiako irabazleak:

Lehen saria Spookypheria taldearen Agur lanarentzat. Taldekideak Iñigo Acha, Javi García, Iraide Narbaiza, Ahini Urresti, Ander Uriondo eta Alex Latxaga dira, eta 1.000 euro, Topagunearen DemaSa lehiaketarako sailkapena eta Laburbira zirkuituan parte hartzeko aukera irabazi dituzte. “Gaia eta argazkia oso modu naturalean barneratu dituzte, eta interesean gora egiten duen historia bat kontatzeko esfortzua ikaragarri eskertu dugu”, nabarmendu zuen Arregik.

Bigarren saria EMEKI FILMS taldearen Tentuz lanarentzat. Taldekideak Maitane Perez, Ane Alvarez, Munia El Marhoum eta Jon Olibares dira, eta 600 euroko saria eskuratu dute. “Gai konplexu bati oso modu efektiboan egin diote aurre, eta antolatzaileek jarritako argazkiaren baldintza (batzuentzat betetzen oso zaila izan dena) lanaren oinarrian dago”, adierazi zuen Oñederrak.

Ikusleen saria ND3 taldearen Plastikozko haginak lanarentzat. Taldekideak, Alfredo Hoyos, Unai Gomez de Segura eta Pablo Urrecha dira, eta Lekeition asteburuko egonaldia lortu dute. Hirugarren lan honek, gainera, epaimahaiaren aldeko botoa jaso zuen, eta hirugarren hautagaitzat gorde zuten.

 

Lan onena DemaSA eta Laburbira zirkuitura

Spookypheria Productions taldearen “Agur” lanak 1.000 euro irabazteaz gain, Durangoko Azokaren barruan Irudienea plazan ospatzen den DemaSA lehiaketaren hirugarren ediziora pasatuko dira zuzenean. Kameratoia moduko beste ikus-.entzunezko lehiaketetan irabazleak izan diren laburmetraiak elkarren artean norgehiagoka arituko dira. Lehiaketa honetatik irabazleen irabazlea aterako da.

Horretaz gain, urtero antolatzen dugun Laburbira zirkuituaren barruan sartuko da “Agur” laburmetraia. Zirkuitu honek urtean sarituak izan diren laburmetraiak Euskal Herriko eta kanpoko zenbait aretotan emanaldiak antolatzen ditu.