Euskara erdigunera ekartzeko eskatzen diogu hurrengo lehendakariari

«Zer eskatuko zenioke lehendakariari?» galderari erantzun dio Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen bezperatan Eusko Jaurlaritza zuzenduko duen hurrengo lehendakariari Topagunetik egindako eskaria jasotzen da erantzunean. Jatorrizko testua Berria egunkariaren ekainaren 29ko alean argitaratu da


 

Ziurgabetasun handiko une zail eta konplexu batean hartuko du kargua Lehendakaritzara helduko den pertsonak. Pandemiaren ondorio lazgarriak jasatetik gatoz; beldurra eta etorkizunarekiko kezka bizi izan dituen gizarte hunkitu eta ukitu bat dugu aurrean. Enpatiarako eta elkartasunerako garaiak ditugu hauek.

Aurreko krisitik burua altxatzen hasita zegoen euskalgintza, eta azken urteotan jorratutako norabide anitzeko elkarlanak aukera handiko etorkizun itxaropentsua iradokitzen zuen. Bat-batean, ordea, pandemiak dena geldiarazi eta astindu du, hainbat ahulgune agerian utziz eta esparru batzuetan atzerapausoak eraginez. Euskaltzaleok ez gaude lasai.

Horregatik, datorren lehendakariari, euskara erdigunera ekartzea eskatzen diogu Euskaltzaleen Topagunetik. Alegia, berreraikitze-aldi honetan, euskara, bere kezka, ilusio eta erronken erdigunean izateko beti, eta euskararen biziberritzea, behar diren neurriez suspertzeko. Geroa euskaratik eraiki behar dugulako. Eta gure jendarteak antzemateko moduko aurrerapausoak ematea estrategikoak diren esparruetan: euskararen ezagutza bermatu eta hobetzea derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenen artean, helduen euskalduntzea bultzatzen jarraitzea, jauzi nabarmena ematea eremu sozioekonomikoan, teknologia berrietan eta eremu ez formalean (batez ere aisialdian eta ikus-entzunezko eskaintzan —bereziki EiTBn—), euskal kulturari eta sortzaileei bultzada ematea, eta euskaltzaleen mugimendu antolatua babestea, lankidetza dinamikak sustatuz, aipatu xedeak lortze aldera.

Jauzi hori emateko, gobernua osatuko duten kontseilariek helburuokin bat etorri behar dute, bere egin eta eredua eman, euskara ez baitagokio Kulturari bakarrik. Hizkuntzarena, sail guztiak zeharkatzen dituen gai estrategikoa da. Gure azken proposamena, beraz, hau da; hurrengo gobernua arigune iraunkor bihurtzea, eta herritarren aurrean hala ikusaraztea, erreferentzia ilusionagarria sortuz. Bide horretan, bidelagun izango gaitu.