SATURRARANEKO KARTZELA

ONDARROA – MUTRIKU

Diktadura frankistako emakumeen kartzela garrantzitsuenetako bat izan zen Saturraraneakoa. 1937ko abenduan eman zen agindu baten ondorioz, Frankistek kartzela bihurtu zuten XIX. mendean hotel eta bainuetxea izandako eraikina. 1944 arte egon zen funtzionamenduan eta 4.000 emakume baino gehiago hartu zituen, gehienak Asturiarrak, baina euskaldun asko ere han egon ziren. Emakume horietatik askok eman zuten azken arnasa Mutriku eta Ondarroa banatzen dituen hondartzan horretan.

Gunea hainbat pabiloitan zatituta zegoen. Alde batetik, amak eta horien seme-alabak biltzen zituzten eta, bestetik, umerik gabeko emakume presoak. Debekatuta zuten pabiloi batetik bestera igarotzea.

Bizi baldintzak oso kaxkarrak ziren, eta goseak gogor astindu zituen presoak. Senideek bidalitakoaz gain, inguruko herrietako bizilagunen bidez lortzen zuten janaria eta arropa. Gainera, lekaimeek kanpotik bidaltzen zietena bereganatu eta ekonomatuan jartzen zuten salgai zaindariek, Ondarroako arrantzaileek presoentzat emandako arrainak, esaterako.

Ondarroa, kresal usainez

 Bizkaia eta Gipuzkoako mugan kokatua, Artibai ibaiaren besarkadapean, arrantza portu aktibo eta dinamikoa duen herria da Ondarroa.

1327ko irailaren 28an sortu zen, Maria Diaz de Harok emandako hiri gutunarekin. Ondarroako Alde zaharreraino sartzen ziren lehen arrantza itsasontziak, eta bertan aurkitu ditzazkegu garai horietako arrasto batzuk, Kofradia Zaharra adibidez. Alde zaharrean bertan dago XV. mendeko Likona Dorrea, edota Andra Mari eliza gotikoa, haitzen gainean eraikia.

Bizkaiko udalerri honen ardatza Artibai ibaia da. Errenteriatik sartu eta portuko bokaleraino herria bitan banatuz doa, Arrigorri hondartzan itsasoratzen den arte. Herriko gune natural eta ederrenetakoa da, dudarik gabe. Aipatzekoak dira, dena den, herriak dituen hiru kilometro karratu eskasetan dauden sei zubiak: Errenteriakoa, Zaldupekoa, Zubi Barria, Zubi Zaharra, Plaiko Zubixe eta Itsasaurre zubia, denbora eta herriaren bilakaeraren erakusgarri.

Kresal horrek bustitako hizkera  bereziarekin, euskara da herriko altxor eta herritarren izaeraren adierazgarri.