Topaldian egindako ekarpenak BAT soziolinguistika aldizkarian

Aurtengo urtarrilean Durangon egindako Topaldian landutakoak jaso ditu BAT soziolinguistika aldizkariaren azken zenbakiak. Euskararen herria: zubiak eta palankak izenburupean antolatutako jardunaldian zubigintza izan zen aztergai eta Topaldian egindako zenbait ekarpen jaso ditu aldizkariak 103. zenbakian.

BAT soziolinguistika aldizkaria, 103. zenbakia (Iturria: soziolinguistika.eus)

Urtero antolatzen ditu Euskaltzaleen Topaguneak Topaldia jardunaldiak eta 2017ko urtarrileko edizioan zubigintza izan zen aztergai nagusia. Hiru ikuspegitatik aztertu zen zubigintza eta elkarlanaren beharra: administrazio publiko eta tokian tokiko euskaltzaleen mugimenduaren artekoa, euskararen lurraldeen artekoa eta gizarte eragile eta hizkuntza komunitateen artekoa. Bi egunetako egitaraua antolatu zen guzti horiek lantzeko.

Zubigintzaz lau ekarpen

Soziolinguistika Klusterrak argitaratzen duen BAT aldizkariaren azken zenbakian, Topaldian egindako lau ekarpen irakur daitezke orain.

Udalak eta euskaltzaleen elkarteak; funtzio banaketak eta lankidetzarako aukerak

Tokian tokiko administrazio publikoek eta euskaltzaleen elkarteek duten harremanaren gaineko hausnarketa egin dute Alex Vadillo eta Jasone Mendizabalek lehen artikuluan. Euskararen normalizazioan biek duten eginkizuna aztertu eta funtzio banaketan eta osagarritasunean oinarritutako lankidetza lidergo partekatutik egin beharra aldarrikatzen dute. Lankidetza horretan lagungarri izan daitezkeen ikuspegiak elikatzeko eta zaintzeko hainbat klabe landu dituzte era berean.

Bidegurutzetik ateratzeko palankak

Euskararen normalizazio prozesuan ziklo berri bat abiatzeko, euskaltzaleen mugimenduak herriz herri landu ditzaketen neurriak aztertu dituzte Kike Amonarriz eta Iker Martinez de Lagosek. Herriko bestelako eragile eta administrazioarekin zubigintza landu, diskurtsoak landu eta hauekin koherenteak diren praktika berriak abiatzea dira neurrietako batzuk egileen iritzian. Era berean, euskaltzaleen bizi-indarra eta motibazioa indartzeko, konpromisoen dinamiketatik urratsak ematera bideratutako dinamiketara jauzia emateko proposamena ere egin dute.

Lurraldeen arteko harremanak: sistema eragile libre oso baten alde

Euskal Herriko lurraldeen arteko ikuspegi kritikoa egin du bere ekarpenean Xan Airek, Hego eta Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren arteko harremanetan eragiten duten trabak aztertuz. Formazioaren garrantzia aipatu eta tokian tokiko erreferente argien beharra agertu du artikuluan eta euskalgintzaren antolaketa hobetzeko, software librea inspirazio-iturri egokia dela aldarrikatu.

Zubigintza, herri erakundeen eta gizarte erakundeen artean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako sailak eta lurraldeko euskararen gizarte eragileen artean egindako partaidetza prozesua izan du oinarri Mikel Irizarrek bere ekarpenean. Nafarroan eta Iparraldean gertatzen ari diren aldaketa administratiboek eta erakunde publiko eta gizarte eragileen artean atzematen diren hurbilketek euskararen aldeko aktibazioan urrats kualitatiboak emateko oinarri izan beharko liratekeela azpimarratzen da artikuluan.

 

Topaldia, 2017ko urtarrilean

Topaldian izandako gainontzeko hitzaldi eta mahai inguruak jardunaldietako webgunean ikus daitezke. Iñigo Urrutiak eta Eneritz Zabaletak EAEko udal legea eta Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoa aztertu zituzten ikuspegi juridikotik. Imanol Esnaola eta Hur Gorostiak lurralde arteko harremanen inguruko mahai ingurua egin zuten, Garikoitz Goikoetxeak gidatutako mahai ingurua. Hizkuntza komunitateen arteko zubien gainean aritu ziren Ainara Santaquiteria eta Iñigo Retolaza beraien hitzaldietan. Eta hainbat elkarlan esperientzia ere izan ziren aztergai: Goienako esperientziatik abiatuta «jabekideak euskalgintzan» hitzaldia eskaini zuen Iban Arantzabalek; Sareuska sarearen berri eman zuten Silbi Chenal eta David Izagak; Aiaraldeko Euskararen Kontseiluaren berri eman zuten Aitziber Álava eta Joseba Llanok; eta Deustualdean Berbaizu euskaltzaleen elkartearen eskutik Ecuador etxean egiten diren euskara saioen berri eman zuen Galder Unzaluk.

 

Gainerako edukiak

BAT soziolinguistika aldizkariaren 103. zenbakiak bestelako ekarpen interesgarri batzuk ditu gainera. Hauexek dira:

  • Donostiako Protokoloa. Eta orain zer? (Paul Bilbao)
  • Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 25. urteurrena (Fernando Ramallo)
  • Jendaurrean Erabili Praktika Komunitatea, euskarazko komunikazio publikoan eraginez (Eduardo Apodaka, Idurre Eskisabel, Pablo Suberbiola eta Uxoa Anduaga)
  • 1980 Hamarkadako euskararen egoerari buruzko diskurtsoa (Jon Artza)
  • Tokanoka Tribua: Eskoriatzako gazteak eta hitanoa: uste, balore eta jarrerak (Iñigo Beitia)
  • Zadarreko arbanasiera mintzaira, kontaktuan dauden hizkuntzen isla (Maximiljana B.)