Topaguneak Batzar Nagusia egin du

Durangoko Plateruena Kafe Antzokian ospatu du Topaguneak gaur, apirilaren 5ean, urteko Batzar Nagusia. Berrogeita hamar lagunetik gora bildu dira batzarrean eta Zuzendaritza Batzordeak proposatutako urteko kudeaketa plana onartua izan da.

Batzarrari 2007 urtearen errepasoa eginez ekin zaio. Ospakizun urtea izan zela azpimarratu da, Topaguneak hamar urte bete zituen urtea hain zuzen ere. Urtean zehar jasotako datuekin euskara elkarteen dimentsioaren argazkia egin da batzarrean: 20.000 bazkide dituzte Topaguneko kide diren euskara elkarteek, 1.400 boluntariotik gora ari dira elkarteen bueltan lanean eta 350 profesional baino gehiagok egiten dute lan zuzenean euskara elkarteentzat. Datuak osatzeko aipagarria den beste datu bat: hamar miloi eurotik gorako aurrekontua izan du euskara elkarteen mugimenduak azken urtean.

2008 urtean ere izango dute zer ospatua euskara elkarteek, aitzindaria den Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak 25 urte beteko baititu, eta berarekin, euskara elkarteen mugimenduak. 

 

Euskara elkarteen izaera sortzailea 

Federazioaren urteko batzarraren aurkezpenean urteko erronkak azpimarratu ditu Karmen Irizarrek, Zuzendaritza Batzordearen izenean. Euskara elkarteena mugimendu sortzailea dela nabarmendu du:. Izan ere, 25 urteotan asko sortu dute euskara elkarteek, sortuz hizkuntza aberastu dute, sormenaren bidez euskarari arnasbideak eman dizkiote, erabilera sustatuz. Euskararen erabilera bultzatzeko bide berriak, sortzaileak, irekiak, herrian errotuak, eskaintzen dituzte euskara elkarteek eta euskararen garapenari egiten dioten ekarpenik garrantzitsuena hori dela gogoratu du Topaguneko ordezkariak.

Ondoren, urteko jarduera planaren azalpen zehatza egin du Jasone Mendizabalek, urtean zehar martxan jarriko diren egitasmoen berri emanez. Tartean sormena ardatz duten egitasmoak gogoratu ditu, Kultur Errotaren 1.500. emanaldia, Graffiti eta Ikus-entzunezkoen lehiaketak, besteak beste. Era berean, azaroan «euskara elkarteak eta sormena» gaitzat hartuta jardunaldiak egingo direla iragarri da. Aho batez onartua izan den Kudeaketa Planean bazkidetza txartel bateratuaren sorrera eta mintzapraktika egitasmoen zabalkundearekin jarraitzea aurreikusita dago era berean. 

 

Bazkide berriak

Nafarroako lau euskara elkarte bazkide moduan onartuak izan dira Batzar Nagusian , halaber. Ondorengoak dira urtean zehar federaziora batutako euskara elkarteak:

  • Altsasuko Kima elkartea
  • Lizarrako Garean elkartea
  • Berriozarko Zorroka elkartea
  •  Agoitzeko Karrika elkartea

 

Zuzendaritza Batzordea berritzea

Azkenik, lau kide berri izan dira onartuak Zuzendaritza Batzordean:

  • Elena Laka, Eibarko …Eta Kitto! euskara elkarteko ordezkaria
  • Joseba Llano, Arabar Errioxako Ttiki-Ttaka euskara elkarteko ordezkaria
  • Aitor Izagirre, Arrasateko Txatxilipurdi elkarteko ordezkaria
  • Karlos Gonzalez, Deustuko Berbaizu euskara elkarteko ordezkaria

  

Honenbestez, giro onean eman zaio bukaera urteroko hitzorduari.