Toki komunikabideen edizio berezia, abenduaren 3an

TOKIKOM sareko hainbat hedabidek zenbaki berezia kaleratu dute, erdaraz, euskara ulertzen ez dutenei ere euskal komunitatearen berri emateko.

Normalean euskara hutsez argitaratzen diren zazpi toki komunikabidek oso zenbaki berezia kaleratu dute gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko: 2014an AIARALDEA aldizkariak izandako ideiari jarraiki, Beterri-Buruntzaldeko AIURRI, Araban banatzen den ARABAKO ALEA, Elgoibarko BARREN, Debagoienako GOIENA, Uribe-Kostako HIRUKA, Urumeako KRONIKA eta Lasarte-Oriako TXINTXARRI aldizkariek salbuespena egin dute gaur, eta erdarazko zenbaki berezia argitaratu dute, euskara ulertzen ez dutenei euskal komunitatearen berri emateko.

Toki komunikabide horiek gehigarri komun bat ere argitaratu dute, gazteleraz, euskara eta euskal komunitatearen inguruko informazioa zabaltzeko. Euskaltzaleen Topaguneak, TOKIKOMek eta Goienak elkarlanean sortu duten gehigarri horretan, besteak beste, euskararen inguruko datuak eskaintzen dira, eta egunotan Antton Abadia saria jaso duen Kike Amonarrizi egindako elkarrizketa mamitsua. Horrez gain, Iñigo Urkullu Lehendakariak euskararen inguruan emandako elkarrizketa ere argitaratu dute toki komunikabideek.

Horrez gain, komunikabide bakoitzak lan berezia egin du bere inguruko hizkuntz komunitateekin, haiei ere lekua egiteko gaurko edizio berezian. Horrela, gaztelera ez ezik, herri eta eskualde bakoitzean egiten diren beste hizkuntzek haien isla izan dute toki komunikabide hauetan. Toki komunikabideak batzen dituen TOKIKOMeko presidenteak, Urko Aristik, azaldu duenez, “argi utzi nahi izan dugu, batetik, euskara ez dela soilik euskaldunon ondarea. Euskal komunitatea zabalik dago hurbildu nahi duten guztientzat, haien hizkuntza edozein dela ere. Gainera, inguruan bizi dugun hizkuntz aniztasuna ere islatu nahi izan dugu. Gero eta kultura eta hizkuntza gehiago ditugu inguruan, eta euskara horien elkarbizitzarako gakoa izan daitekeela uste dugu.

Komunikabideetako ordezkariek azaldu dutenez, gaurko zenbaki berezi honek “euskaraz ez dakitenekiko” keinua ere izan nahi du: argi azaldu nahi izan diete “zer, nola eta zergatik” egiten duten alde batetik; eta bide batez gogorarazi “toki komunikabideetan guztiek dutela lekua, euskaraz jakin zein ez”.

KRONIKA TXINTXARRI hiruka aiurri alea goiena_gehigarria