SPRAIKADA ’09n izen emateko epea zabalik

SPRAIKADA '09 KARTELATopaguneak eta Mutrikuko Udalak SPRAIKADA ’09 aurkeztu dute gaur, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketaren VI. Edizioa. Lehiaketa seigarren ediziora iritsi izana “duen harrera eta indarraren seinale” dela esan du Topagunearen Gazte Saileko arduradunak, Sonia Perez Anguerak. Bere esanetan, Spraikada hitzordu klasiko bilakatu da dagoeneko euskal graffitigile eta zaletuen artean. Era berean, euskal graffitigintzaren harrobiaren erakusleiho paregabea ere bada Spraikada.

Kaleko hormak, museo

Mendaro, Getxo, Tolosa, Gernika-Lumo eta Erandiotik pasatu ondoren, Mutrikun izango da aurten buruz burukoa, uztailaren 18an. Mutrikuko Udalak 800. urteurrena ospatzen du aurten, Kutxaren laguntzaz, eta Spraikadaren buruz burukoa ospakizunen artean sartu nahi izan du. Era horretan, publiko gaztea ere urteurrenaren ospakizunetan inplikatzea bilatzen du Udalak, eta Mutrikuko kaleetako hormak gaur egungo adierazpide artistiko honen museo bilakatzea. Halaxe azaldu du Mutrikuko Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak, Iratze Garagarzak.

Buruz burukoan, betiko moduan, hamar graffiti  lehiatuko dira, horretarako espresuki gordetako 7 x 2 metroko beste horrenbeste hormatan, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak eskuratzeko. Aukera paregabea izango da Mutrikun egun pasa egin, graffitiak egiteko prozesua zerotik jarraitu eta graffiteatzen ikasten hasteko ere, tailerrak eta bestelako jarduera osagarriak ere ez baitira faltako.

Lehiaketan parte hartzeko, egin nahi den graffitiaren zirriborroa bidali behar da lehenengo eta behin, eta hori egiteko epea ekainaren 30era arte dago zabalik. Jasotako lan guztien artean, hamar onenak aukeratuko dira, eta horiexek izango dira Mutrikuko hormetan islatuko direnak.

Izen emateko baldintzei dagokienez, gutxitxo dira, eta betetzen errazak: 16 urtetik gorako gaztea izatea, graffitiko testuak euskaraz egitea, zirriborroa epea amaitu aurretik bidaltzea eta, finalista suertatuz gero, aukeratutako zirriborroko graffitia antolakuntzak emandako sprayekin egitea. Hortik aurrera, estiloa, teknika eta gaiak libreak dira erabat.

Informazio gehiago nahi dutenek, dena den, euren herriko euskara elkartean zein Spraikadaren webgunean aurki ditzakete lehiaketaren oinarriak.