Ruben Rosas: “Emakume haiek egin zuten lana ezagutarazi eta errekonozitu behar da”

Euskal Zine Bilerako amaiera ekitaldian jaso zuen Ruben Rosasek IV.Benito Ansola Saria. Bederatzi hilabete izango ditu “Atsolorra” proiektua gauzatzeko. Atsolorra bezalako ohiturak berreskuratzeak inola ere ahaztu behar ez dena gogorarazten digula dio: besteei laguntzeko prestutasuna eta konpromezua. Datorren urteko Zine Bileran estreinatuko da lana.

Ruben Rosas saria jasotzen 40.Euskal Zine Bilerako amaiera ekitaldian

Ruben Rosas saria jasotzen 40.Euskal Zine Bilerako amaiera ekitaldian, 2017ko  urriaren 21ean.

Lehendabizi, atsolorraren tradizioa zer den labur esaterik?

Atsolorra Euskal Herriko baserri-giroetan errotutako ohitura zahar bat da. Bertan, emakume batek haur bat izaten zuenean semerik gabeko beste emakume batzuen laguntza jasotzen zuen. Sostengu hori ez zen erditze kontuetara mugatzen. Izan ere, emakumeek, garaiko pobreziak ahaztu eta elikagaiz edota bestelako beharrizanez hornitzen baitzuten familia guztia. Azken batean, jaio berria emakume baten erantzukizuna ez, baizik eta talde edo komunitate baten konpromezu edo ardura zen. Behin ama eta umea errekuperatuta zeudenean, herrian festa bat antolatzen zen, hortaz, atsolorra egun batzuk edo aste batzuk igaro zitekeen.

1970. urtean desagertu zela diozu, zerk eraginda?

Egia esateko, ez dago batere garbi. Batzuk, garai berrien etorrerari leporatzen diote usadioaren
desagerpena. Beste batzuk, haratago doaz, esanez frankismoak debekatu zuela euskaldunen tradizio bat izateagatik. Eta badira beste batzuk elizari leporatzen diotenak, atsolorretan semerik gabeko emakumeak parte hartzen zutenez… eta garai horretan nahiko gaizki ikusita zegoenez ba…

Zergatik aukeratu duzu Ereñotzu dokumentala egiteko?

Hein handi batean, atsolorraren gaia aitzaki bat da Ereñotzuko komunitatearen inguruan hitz egiteko. Aipatu beharra dago Ereñotzu ez dela ez herri bat -nahiz eta horren izaera betidanik eduki noski-, baina ezta auzo bat ere -Hernanitik 8-kmtara dago-. Berezko izaera horrek eraginda, 2010ean, Gipuzkoako Aldundiak entitate txiki moduan izendatu zuen. Ereñotzuko kideen aurreneko ekimenen artean ahaztuta zeuden tradizioak berreskuratzea izan zen. Horretan kokatzen da atsolorra berreskuratzeko ahalegina. Nahiz eta Euskal Herriko hainbat tokitan tradizioa burutu, eurek aitzindari izan dira.

BA-saribanaketa-2

Benito Ansola beka irabazteak zer suposatzen du zuretzat?

Ez nuen espero halakorik eskuratzea. Motibazio handiz jasotzen dut beka baina erantzukizun handiarekin ere bai. Epaimahaikide batzuk ni bezala egitasmo honetan sinistu dute. Eta ezin da ukatu bekaren atzean Benito Ansolaren izena dagoela, euskal zinema pila bat bultzatu izan duena. Ez diet hutsik egin nahi.

Zelan ari da berreskuratzen atsolorraren usadioa eta zergatik?

Atsolorra garai berrietara egokitu da, noski, ez da ospatzen lehen bezala. Ereñotzun adibidez, urtero askari bat antolatzen dute Udalean, aurreko urtean jaiotako umeekin, senitartekoekin, eta herriko jendearekin. Horretaz aparte, nik dakidala, Gipuzkoan Oiartzunen eta Oñatin ere atsolorra ospatzen dute, eta Bizkaiako Urduñan ere bai. Baina gerta daiteke herri gehiago izatea…Berreskuratzearen arrazoiak zeintzuk izan diren? Beharbada ez naiz pertsonarik egokiena galdera horri erantzuteko, baina uste dut oraindik ere euskal gizartean oso ezezaguna den ohitura bat dela atsolorrarena. Nire uste apalean iraganeko emakume horiek egin zuten lan hori ezagutarazi behar da, gaur egungo gizartearen errekonozimendua jaso behar dute.

Zaintza kolektiboa eta auzolana, atsolorrarekin zuzenean lotu daitezke. Zenbateraino praktikatzen dira, gaur egun, euskal gizartean?

Tradizioz, auzolanaren kontzeptua pila bat errespetatu da Euskal Herriko toki ezberdinetan, izatez, oso solidarioak izan garelako betidanik. Gaur egun, auzolana oraindik ere burutzen da, herrietan eta hirietako auzoetan ere bai. Ez dut uste auzolan hori lehen bezalaxe praktikatzen denik, baina ez pentsa gure erruagatik izan denik. Azken batean, globalizatuta dagoen mundu batean murgilduta gaude, eta denok, beharbada nahi gabe, gero eta lehiakorragoak, gero eta berekoiagoak bilakatzen ari gara. Horrelako ekimenak berreskuratzea, atsolorrarena alegia, inola ere ahaztu behar ez duguna gogorarazten digu: besteei laguntzeko prestutasuna eta konpromezua.