Lau Haizetara: Herrigintzaren bidetik aukerak sortzen

Errenteriako Lau Haizetara euskaltzaleen topaguneak “Aukerak sortzen” eraldaketa prozesuari ekin diogu 2020aren amaieratik 2021aren hasierara bitartean, pandemia bete-betean.

1992. urtean sortu zenetik ibilbide luzea egin du elkarteak, baina barne dinamikaren ahultzeak eta azken urteetan gizartean izandako aldaketek orain arteko ereduaren agortze zantzuak agerian utzi dituzte. Ohiko euskara elkartearen jardunaz gain, herriko gizarte mugimenduekin batera saretzeko eta gaur egungo gizartearen erronkei erantzuteko garaia dela ondorioztatu genuen talde eragilean.

Hori dela eta, prozesu parte hartzaile bati ekin nahi izan diogu, elkartearen biziberritzea prestatzeko eta erronka berriei ilusio eta ideia berrituekin heltzeko asmoarekin. Prozesu horretan bidelagun izan dugu Emun, aholkulari eta dinamizatzaile lanetan.

Hiru saio irekiren bidez gauzatu da prozesua: 2020ko urriaren 26an izan zen aurrenekoa, “Jakin” izenekoa. Bigarrena abenduaren 4an izan zen, “Nahi izan”, eta 2021eko urtarrilaren 21ean hirugarrena eta azkena, “Ekin” izenburuarekin. Orotara, 76 lagunek hartu dute parte saio hauetan.

Lehen egunean elkarteak, eta herriko euskalgintzak, oro har, azken 28 urte hauetan egindakoaren errepasoa egin genuen. Bidea luzea izan baita eta bertatik beti baitago zer ikasia: bai aurrera begirako bidean mantentzekoak, baina baita albo batera uztekoak ere. Ondoren, gisa honetako elkarte baten zentzuaz aritu ginen: “Zertarako behar du Oreretak euskaltzaleen herri mugimendu antolatua gaur egun?” Solasaldi interesgarria piztu zen, eta “euskal hiztunen komunitatea bisibilizatzeko” edo “euskaraz bizitzen laguntzeko” izan ziren mahai gaineratu ziren erantzunetako batzuk. Hurrengo galderak izan ziren “zer egin beharko luke Lau Haizetara bezalako elkarte batek gaur egun?” eta “Zer egin eremu berrietara iristeko?”. Ondorio gisa, honako hausnarketa hau azpimarratu nahiko genuke: “Euskalgintza barrutik ulertzeko modu oso konkretu batzuk eraiki ditugu azken hamarkadetan. Patroi horiek berrikustea tokatzen zaigu”.

Ideia horri eutsita ekin genion bigarren saioari, eta, horretarako, “sormen laborategi” txikia antolatu genuen: norbanakotik komunitatera, komunitatetik gizartera, eta atzera buelta egin genuen saio honetan, aurrera begirako iparrak adosteko asmoz. Denetariko ametsak agertu ziren: komunitatearen garapena, elkarbizitza eredu berriak proposatzeko beharra subordinazioan oinarrituta egongo ez direnak, euskal hiztunen eskubideen kontzientzia hartzea eta ahalduntzea, aholkularitza, balio eraldatzaileen beharra, zaintza, babesa eta beste hainbat.

Era berean, Lau Haizetara herrigintzan erreferentziazko gune izatea nahi dugu: ni-tik gu-ra salto egiteko laguntza eta aholkularitza emango duena eta, herriko euskaldunentzat, euskaltzale izan ala ez, itsasargi funtzioa ere izango duena, berrikuntza laborategia izango dena eta euskaraz bizitzeko baliabideak eskainiko dituena eta, azkenik, momentuko eta tokiko balore komunitarioekin bat egingo duena.

Azken egunerako, aurreko egunetan ideia arloan landu genituenak lurreratzeko betebeharra geneukan. Horretan laguntzeko, aurreko egunetan irtendako ideiak sei multzotara eraman genituen:

  • hiztunak ahalduntzea
  • euskal hiztunak aktibatzea
  • sareak ehuntzea eta erreferente bihurtzea
  • izaera komunitarioa zaintzea eta elikatzeko lana egitea
  • herrian eragitea eta eragile izatea
  • berrikuntza gune izatea.

Arlo horiek gauzatzeko ideia mordoa sortu zituzten parte hartzaileek; batzuk zehatzagoak besteak baino ziren, eta oraindik goiz da ikusteko ideia horietatik zeintzuek egingo duten aurrera eta zeintzuek ez. Haietako batzuk proiektu bihurtuko dira: elkarte biziberrituaren zutabe izango diren proiektu berriak.