Larunbatean hasiko da Udagoieneko Osteraren 9. edizioa

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzaz, Udagoieneko Ostera kultur zirkuituaren bederatzigarren edizioa jarriko du martxan datorren larunbatean Sondikan.

Zirkuitua zortzi emanaldik osatuko dute, eta haietako bakoitza Bizkaiko herri batean izango da. Udagoieneko Osteraren bederatzigarren edizio honek Bizkaiko zortzi herri bisitatuko ditu: Sondika, Muskiz, Bilbo, Durango, Balmaseda, Basauri, Bermeo eta Leioa. Oso herri ezberdinak dira tamainaren zein egoera soziolinguistikoaren ikuspegitik, baina ekimenak erakutsi nahi du guztietan ere egin daitekeela euskarazko kultur eskaintza erakargarria.

Azken finean, aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eskaini nahi du Udagoieneko Osterak, eta hori lortzeko, derrigorra da kalitateko eskaintza erakargarria egitea. “Horrekin batera, eskaintzaren izaera askotarikoa ere bereziki zaindu dugu programazioa osatzeko orduan, eta hori dela eta, gustu eta kultur adierazpide ezberdinak hartu ditugu kontuan”. Halaxe azaldu du Topagunearen Kultugintza saileko teknikariak, Manuel Morenok.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendariak, Miren Dobaranek, Osteraren programazioaren izaera askotarikoa azpimarratu du. “Euskaraz ere baditugu gustu guztiak asetzeko moduko ikuskizunak, denak ere kalitate handikoak, eta Udagoieneko Osterak argi uzten du hori”.

Artistentzat ere haien lanak erakusteko primerako aukera da Udagoieneko Ostera. Guztira, hamaika musika eta antzerki talde jarriko ditu dantzan kultur zirkuituak, 50 artista baino gehiago: Xabi eta Fredi Paya, Onintza Enbeita, Uxue Alberdi eta Sustrai Colina bertsolariak Patxi Gallego marrazkilariarekin batera; Iban Garate, Aitziber Garmendia, Ana Elordi, Ane Zabala, Galder Perez, Jon Plazaola, Asier Hormaza, Ainhoa Aierbe eta Aitor Gabilondo aktoreak, Ama Say, Piztiak, Oreka TX eta Su ta Gar, Petti, Zura, Mikel Markez eta Seiren musika taldeak…
 
Udagoieneko Osteraren programazioa datorren larunbatean, azaroak 1,  hasiko da, Sondikan, eta abenduaren 5ean bukatuko da Leioan. Honako hauek izango dira emanaldiak:

 

 
 Ikuskizuna
 Lekua
 Data
Bertsotramarraksiya
SONDIKAko Kultur Etxean 
 Azaroaren 1ean, 20:00etan
Komeriaren Kluba
MUSKIZko Meatzari Aretoan
 Azaroaren 7an, 20:00etan
Kontzertua: Ama Say + Piztiak
BILBOko Kafe Antzokian
 Azaroaren 13an, 21:30ean
Kontzertua: Petti + Zura
DURANGOko Plateruena Kafe Antzokian
 Azaroaren 14an, 22:00etan
Kontzertua: Mikel Markez + Seiren
BALMASEDAko Klaret Antzokian
 Azaroaren 21ean, 21:00etan
Kontzertua: Oreka TX
BASAURIko Social Antzokian
 Azaroaren 28an, 20:30ean
Kontzertua: Su Ta Gar
BERMEOko Kafe Antzokian
 Azaroaren 29an, 22:00etan
Antzerkia: Hor al zaude?
LEIOAko Kultur Leioako Audotirumean
 Abenduaren 5ean, 20:00etan