LABURBIRAren 2024ko edizioa abian da.

LABURBIRA, euskaraz sortu eta ekoitzitako film-laburren zirkuitoa da eta aurten bere 21.edizioa beteko du. 2 helburu nagusi ditu LABURBIRAK: zinemagileoi zuen lanak erakusteko aukera emanaz, euskal zinemagintza hauspotzea batetik, eta herritarrei euskaraz sortutako film-laburrak ezagutaraztea, bestetik.

 

20 urteotan bide arrakastatsua egin du LABURBIRAK eta euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala da bihurtu da.  Jakitun gara, zinema ekoiztea izatez da jarduera zail eta garestia. Ondorioz, film-laburren sorkuntza da zuzendariek zinemaren industrian hasteko daukazuen modu bakarra. Zentzu honetan, Laburbirak berebiziko garrantzia du zuei eta zuen lanei ikusgarritasuna emateko orduan, eta zirkuito egonkor eta zabala eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du

 

Otsailaren 29rarte izen ematea zabalik

Aurtengo Laburbira apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean egingo da, eta bertara aurkeztu nahi duzuen sortzaileek otsailaren 29rarteko epea izango duzue lanak aurkeztu eta izena emateko.

Laburbiran parte hartzeko laburmetraiek euskaraz egindakoak, 2023ean ekoiztutakoak eta 20 minututik beherakoak izan behar dute.

Izen ematea, berriz, laburbiraren webgunean egin behar da:

https://irudienea.topagunea.eus/egitasmoak/laburbira/