Kike Amonarrizi pasa dio lekukoa Elena Lakak

Elena Laka eta Kike Amonarriz

Bost urtez Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria izan den Elena Lakak lekukoa pasa dio kargua hartu duen Kike Amonarrizi gaur, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako ez-ohiko Batzar Nagusian. 2014ko apiriletik izan duen ardura uzteko asmoa adierazi zuen Elena Lakak urteko lehen hilabeteetan eta azken hilabete hauetan Kike Amonarriz prest agertu da hurrengo urteotarako lehendakaritza hartzeko. Gaurko batzarrean ahobatez onartu dute bazkideek Amonarrizen hautagaitza eta kargu berriari erantzukizun eta ilusioz heldu dio Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldeko kide denak. Euskaltzaleen mugimenduko kideei emandako konfidantza eskertuz ekin dio bere kargualdiari.

Ilusioa eta erantzukizuna

Euskaltzaleen mugimenduko kide aspaldi da eta Topagunearen sorreran parte hartu zuen Kike Amonarrizek. Batzarrean egindako hitzaldian Topagunearen sorrera garaian kide izan zituenak izan ditu gogoan. Izan ere, urriaren hasieran egingo ditu 25 urte Galtzaundi elkartetik gainontzeko euskara elkarteetara Euskal Herri mailako federazio bat osatzeko helburuz bilkura egiteko gonbitea eginez gutuna bidali zutela. Amonarrizek euskaltzaleen mugimenduarekin eta Topagunearekin lotura izan du gerora 25 urteotan ere, eta bereziki, duela zortzi urtetik berriro ere hainbat ekimenetan partaide eta bultzatzaile aritu da. Gaur egun Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldeko lehendakari ere bada Kike eta kargu biak uztartuko ditu.

Kike Amonarriz, Elena Laka eta Jasone Mendizabal

Atzera begiratzeko aukera izan da gaurko batzarrean ere. Topagunearen 22 urtetako historian izan diren lehendakarien ekarpena gogora ekarri du Kike Amonarrizek, bakoitzak kargua izan zuen artean Topagunetik martxan jarritakoak azpimarratuz. Fernando Muniozguren, Joxemari Muxika, Karmen Irizar, Mikel Irizar eta Elena Lakak erakundea gidatzeko egindako ekarpenak azpimarratuz, kateari jarraipena emateko gogoa agertu du, kargua ilusioz eta erantzukizunez hartu duela azpimarratuz.

Bost helburu nagusi zehaztu ditu bere kargu hartze ekitaldian lehendakari berriak:

  • Euskaltzaleen mugimendua salto kualitatibo berri bat emateko prestatzea, kide diren elkarteak indartu eta elkarte berrien sorrera bultzatuz. Horretarako funtsezkoak izango dira antolaketa-eredu berri eta malguen alde egitea, aktibazio soziala bultzatu eta boluntarioen partaidetza areagotzea eta euskaltzaleen mugimenduak presentzia urriagoa duen guneetara heltzea.
  • Euskara bizitza sozio-politikoaren erdigunera eramateko herri akordioak bultzatzea.
  • Euskaraldiaren hurrengo edizioetan euskararen normalizazioan eragiteko erronka eta aukera berriak lantzea, era guztietako entitateetan eraginez eta euskararen erabilera zabaltzeko urrats praktikoak proposatuz.
  • Euskararen erabilera bultzatzea, euskararen normalizaziorako giltzarri diren bi eremutan eraginez: lan munduan eta aisialdian.
  • Euskalgintza indartu eta adostasun sozio-politikoak bultzatzea, Kontseilutik.

Horiez gain, Euskaltzaleen Topaguneak azken urteotan indartu dituen eremuetan (hizkuntza eta kultur aniztasunean, aisialdian, kulturgintzan, mintzapraktikatan, sentsibilizazio ekintzetan eta gogoetan) sakondu eta mugimenduaren eragina handitzen jarraitzea ere markatu du Amonarrizek hurrengo urteetarako erronka modura.

Elena Lakaren agurra

Kike Amonarrizek kargua hartu aurretik, Elena Lakak hartu du hitza gaurko bileran. Bost urtetan izan duen ardura uzteko orduan, esker hitzak izan ditu urteotan bidaide izan dituen zuzendaritza-kide, euskara elkarteetako kide, boluntario eta langileentzat, eta baita elkarlanean lagun izan dituen pertsona eta erakundeentzat ere. Elena Lakak gogora ekarri duenez, azken urteetan garapen handia izan du euskaltzaleen mugimenduak eta asko izan dira Euskaltzaleen Topaguneak eman dituen urratsak. 2014tik hona Euskaltzaleen Topagunea hazteaz batera Euskaltzaleen Mugimendua hazi eta zabaldu egin da Euskal Herri osoan. Topagunean euskalgintzako sektore guztiekin eta erakundeekin elkarlana lantzeko egin den apustua azpimarratu du orain arte lehendakari izan denak, eta horren fruitu izan dela, besteak beste, Euskaraldia. Aktibazioan egindako aurrerapausoa handia izan da, baina oraindik asko dago euskararen erabileran aurrera egiteko asko dagoela gogora ekarri du Lakak, bere agurrean.

Euskaltzaleen aktibazioan emandako urratsez gain, Elena Lakak azken urteetan Euskaltzaleen Topagunean landutakoak garrantzitsuak izan direla aipatu du: hizkuntz aniztasunaren inguruan egindako urratsak, toki komunikabideen garapena Tokikomen eskutik, kultur eta aisialdiaren arloan egiten ari direnak edo euskara praktikatzeko aukera jendetsua Mintzalagun proiektuaren bitartez, besteak beste.

Txalo zaparrada luze batekin eskertu diote batzarrean parte hartu duten guztiek Elenari urteotan egindako ekarpena.

Bideoa: Aiurri

Hurrengo urteotarako oinarriak jartzen

Batzar Nagusiaren bigarren zatian euskaltzaleen mugimenduaren hurrengo urteotako erronkei begira jarri dira bazkideak. 2020-2023 urteetarako plan estrategikoa lantzen hastekoa den honetan, bazkideen aldetik Topaguneari proposatu nahi zaizkion helburu eta egiteko nagusiak zehazten hasteko ariketa eta eztabaida egin dute bertaratuek.

Giro onean, familia argazkia eginez eta mokadutxo baten bueltan bukatu da gaurko batzarra, agurra, ongi etorria eta gogoeta uztartu dituen bilkura.

Elena Laka eta Kike Amonarriz gaur hedabideetan

Ttap aldizkari digitalak eta Tokikom bateraguneko 20 toki hedabidek gaur bertan argitaratu dute artean lehendakari eta hautagai ziren Elena Laka eta Kike Amonarrizi egindako elkarrizketa. Bideoan, audioan eta testuan ikus, entzun eta irakurri daiteke elkarrizketa Ttap aldizkaria sakeleko telefonoan deskargatuta (apple edo android gailuetan) eta baita hainbat toki aldizkaritako orrialde edo webguneetan ere (Aikor, AiurriAlea, Anboto, Barren, Goiena, GuaixeHiruka, Kronika, MaxixatzenNoauaPlaentxia, TxintxarriUztarria).

(eguneraketa)

Hurrengo egunetan ere hainbat hedabideetan izan dira Kike Amonarrizi egindako elkarrizketak: