Hogei ikuskizun berri udazkeneko Kultur Errotarako

Udazken oparoa dator aurtengoa ere Kultur Errotan Euskaltzaleen Topaguneko bazkide zaretenok 168 ikuskizunen artean egin ahal izango duzue aukera, buruan duzuen ospakizun horretarako, edo astebitarte buruzuriak animatzeko, asteburu negutiarrak goxatzeko… Agian baduzue honez gero begiz jota bakarren bat!

Kultur Errotak euskal sortzaileen eskaintza ugari ditu aukeran, berauek herrietara hurbiltzeko helburuarekin. Kalitatezko eskaintza eta diruz lagundua da, berriz, Kultur Errotak elkarte bazkideei eskaintzen diena, herriz-herri gozatzeko.

 

Eskaerak ekainaren 29rarte

errota-baltzaUdazkenerako 168 ikuskizun, 155 kulturgile eta 20 nobedade dakartza Kultur Errotak.  Hartu denbora zerrenda ongi aztertzeko, aztertu ongi eskaintza, 22 egun dauzkazue eta.

Ekainaren 8tik ekainaren 29ra bitarteko epean egin ahalko dituzue eskaerak Euskaltzaleen Topaguneko elkarte bazkideek. 2016ko iraila eta abendura bitartean zuen herrietan zer ikuskizun izatea nahi zenuketen pentsatu, bete eskaera orria eta listo!

 

Eskaintza zabala eta familientzako tailerrak

XIX.edizio honetako lehen epealdian 56 ikuskizun antolatu dira guztira Kultur Errotatik. Antzerkia, magia, zirkoa, ipuin kontaketa, literatura emanaldiak… eskaintza anitza eta aberasgarria duzue udazken-negura begirakoa ere.

Hogei nobedade ditugu, “Mahoma teatro” eta “Nomofobikak” antzerkiak edo “Ganbaran” ipuin kontaketa, esaterako. Familian euskaraz ondo pasatzeko zortzi tailer ere badira aukeran, gurasoek eta haurren artean euskararen transmisioa lantzeko apropos-aproposak.

 

Eskariak egiteko urratsak

Hiru pausotan egiten da Kultur Errotarako eskaria:

1.- Irizpideak irakurri. Kultur Errota erabiltzeko kontuan hartu beharrekoak jasotzen dituen dokumentua da hau, beraz lehendabizi hauxe irakurri behar da arretaz.

2.- Ikuskizunen zerrenda kontsultatu. Aukeran dauden 155 kulturgile eta 168 ikuskizunen zerrenda, eta azken horien gaineko informazioa da. Kulturgile bakoitzaren gainean klikatuta, bere ikuskizunari buruzko informaziora bideratuko zaituzte zuzenean.

3.- Eskaera orria bete. Azken pausoa da eskaera orria betetzearena. Bertan zehazten du elkarte bakoitzak zeintzuk diren aukeratu dituen ikuskizunak. Beharrezkoa da bertan eskatzen diren datu guztiak ematea.

Eskaria egindakoan, eta konfirmatu ostean, artisten kudeaketaz eta saioa iragartzeko kartela egiteaz Euskaltzaleen Topagunea arduratzen da.

 

Hurrengo egunotan jasoko dituzue dokumentu guztiak posta elektroniko bidez, baina momentuz, eskaintza aurreratzen dizuegu, eskura izan dezazuen: Kultur Errota eskaintza

Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi edo deitu oihane@topagunea.org / 94 621 51 16 (Oihane)