Handira jo

Musean bezalaxe, euskararen partida irabazi nahi badugu, txikira ez ezik handira ere jo behar dugu bai ala bai. Gehienetan txikira ibili ohi gara jokaldiz jokaldi tantoak biltzen partida ikaragarri luzatuz, amaiera noiz iritsiko den antzeman gabe. Eta handira zer?

Beasaingo Aittu! Euskara Elkartekoek garbi dute euskararen partida irabaztekotan handira ere jo beharra dagoela eta hortik bi ekimen jarri dituzte abian.

XXI. mendeko hizkuntza politikak euskara sustatuko duen zerga politika ere behar duela argi dute Aittu! Euskara Elkartetik eta horregatik Beasaingo Udalari proposamen zehatz bat egin diote: Jarduera Ekonomikoaren Udal Zerga ordaintzen duten zergadunei urrezko Bikain egiaztagiria lortu ondorengo 5 urteetan % 90 zerga kenkaria ezar diezaiela, 3.000 euroko mugarekin. Beasaingo Udalak, berriz, proposamena 2022ko ordenantza fiskalean nola txertatu aztertzeko konpromisoa hartu du Aittu! Euskara Elkartearekin.

Merkataritzan ere handira jo dute Aittu! Elkartetik. EAEko hiru foru aldundietako ogasunek elkarren eskutik, datorren 2022. urtetik aurrera, Erkidego Autonomoko negozio guztiak fakturazio sistema aldatzera behartuko dituzte TicketBai egitasmoaren bidez. Hori dela eta, gaur egun oraindik informatizatu gabe dauden hainbat negoziok horretara jo beharko dute nahitaez. Aittu! Elkarteak negozioaren kudeaketa integrala euskaraz egiten duen programa informatikoa eskainiko die Beasaingo negozio guztiei euskararen erabileran hordagoa jo eta jokaldi bakarrean euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza bihurtzeko.

Bi jokaldi horiekin makina bat tanto zakuratuko dituzte Beasainen!