Goierriko Kultur Zirkuitua aurkeztu da

Topaguneak eta Goierriko lau elkartek elkarlanean antolatuta, Goierriko lau herritan burutuko den kultur zirkuitua aurkeztu da Ordizian egindako prentsaurrekoan. Apirilaren 3a eta 22a bitartean burutuko dira kultur emanaldiok eta ondoko ezaugarrietan laburtu dituzte sustatzaileek zirkuituaren ezaugarriak:

  • Formatu txiki eta kalitate handiko kultur ikuskizunak izango dira.
  • Kultur arlo anitzeko emanaldiak eskainiko dira. Musika, diaporamak eta antzerkia gozatu ahal izango dira zirkuituan, euskarazko kultur eskaintzaren aniztasunaren erakusgarri.
  • Eskualdean euskararen erabilera bultzatzen ari diren elkarteen artean elkarlanean sortutako zirkuitua izango da.

Ordiziako Hitzaro euskara elkartea, Goierriko Euskal Eskola kultur elkartea, Itsasondoko Arbelaitz elkartea eta Beasaingo Arrano elkartea dira zirkuituaren antolatzaileak eta Kultur Errota zirkuituaren barruan kokatzen den ekimena da.

Ondokoak izango dira zirkuitua osatuko duten emanaldiak:

  • Apirilaren 3an, osteguna, gaueko 21:00etan, Lazkaoko Maizpide Euskaltegian. Bihotz Bakartien Klubaren Katamalo kontzertua.
  • Apirilaren 9an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, Beasaingo Udaletxeko Batzar Areto Nagusian, Amets Arzalluz eta Txomin Txuekaren Illimani, Boliviako izpiak eta hizkiak HITZALDI-DIAPORAMA.
  • Apirilaren 18an, ostirala, gaueko 21:30ean, Itsasondoko Eskolako aterpe berrian, Bikoteatro taldearen Euskara Senzilloaren Manifestoa
  • Apirilaren 22an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan, Ordiziako Barrena Kultur Etxean, Joxe Ramon Agirre “Marron”en Zelanda Berria, naturaren hitza DIAPORAMA.