Euskararen Ginkanaren finala ospatuko da larunbatean Kutxa Kultur-en (Tabakalera)

  • Lehen faseko proba guztiak amaituta, dagoeneko baditugu finala jokatuko duten
    lau taldeak.
  • Finala Kutxa Kultur Plazan, Tabakaleran, izango da, goizeko 11:30etan hasita.
    Ekitaldi irekia da.
  • Gasteiz, Durango, Donostia eta Getariatik etorriko dira talde finalistak.

Guztira, Euskal Herriko txoko ezberdinetako 27 talde aritu dira lehian.

Kutxa Ekoguneak sustatutako proiektua da Euskararen Ginkana, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean burutzen dena. Hizkuntza-praktika ekologikoak abiapuntutzat hartuta, euskara sustatzeko helburuarekin bat egiten dute bi erakundeek.

Lehiaketaren seigarren edizio honek ere baditu finalistak. Gasteizko Amets Gaiztoak ikasle taldea, Durangoko Kurutziaga ikastolako euskara taldea, Donostiako Harri-Berri Oletako Gurasoen Euskara Batzordea eta Getariako Artzape euskara elkartea izan dira lehen fasean puntu gehien bildu dituztenak. Larunbat honetan jokatuko den finalean erabakiko da talde horietatik nork eramango duen 3.000 €-ko sari nagusia.

Finala martxoaren 9an, larunbata, izango da Kutxa Kultur Plazan (Tabakalera), goizeko 11:30ean hasita. Edurne Azkarateren gidaritzapean, hizkuntza-praktika ekologikoen gaiarekin lotutako bost proba berri burutu beharko dituzte taldeek bertan. Aurreko fasean ere gai berari erantzunez egin behar izan dituzte probak. Oraingoan baina, aurrez aurre arituko dira lehian.

Lehiaketaren ibilbidea
Bi fasetan burutzen den lehiaketa da Euskararen Ginkana. Lehen fasea urtarrilaren 23an hasi zuten taldeek, eta bost astez, astero internet bidezko proba bat erantzun behar izan dute.

Euskal Herriko txoko ezberdinetako 27 taldek eman dute izena seigarren edizio honetan, eta horietatik 12, oso berdinduta iritsi dira finalaren ateetaraino. Probetan, hizkuntza- praktika ekologikoei buruzko hainbat galdera erantzuteaz gain, aldarrikapen eta kale ekintza ezberdinak identifikatu, hizkuntza ohiturei buruzko elkarrizketak egin eta kalera ere atera behar izan dute, euskararentzat arnasguneek duten garrantzia aldarrikatzera. Proba horietan puntu gehien biltzea lortu duten taldeak dira larunbatean sari nagusia eskuratzen saiatuko direnak. Sariarekin, euskararen aldeko egitasmo bat sustatzeko konpromisoa
hartzen dute parte-hartzaileek.